Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kide zara. Zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?
Harrera Sarea duela zazpi urte sortu zen. Bere helburu nagusia da hirira iristen diren gazte migratzaileei harrera duina bermatzea. Burokrazia administratiboaren labirintoan mugitzeko orduan, laguntza eta babesa eskainiz. Dozenaka boluntariok osatzen dugu sarea eta oinarrizko beharrak asetzeko ere lan egiten dugu. Hala nola, elikagaiak, arropak eta funtsezko beste elementu batzuk banatzen ditugu. Eta bereziki, beraien gauzak galdu dituztenean. Horrez gain, gazte hauek gizarte zerbitzuekin duten harremana hobetzeko, erroldatzea errazteko, alokairurako laguntzak lortzeko, arrazakeriatik eratorritako oztopoak gainditzeko... Aholkularitzan eta horrelako gauzetan ere inplikatzen gara. Eta baita gaztelaniazko eta euskarazko klaseak ematen. Azken batean, gizartean integratzen laguntzen diegu.
Boluntarioz osatutako taldea da zuena, hortaz.
Hala da.
Aztarrika gazte asanbladak, zuekin elkarlanean, gizonezkoen arropa biltzeko kanpaina bat ipini du martxan. Zer nolako materiala eraman daiteke egunotan, Artzabalen dagoen Gazte Lokalera?
Aztarrika taldearekin jarri ginen harremanetan eta beraiek segituan prestutasuna eta laguntzeko gogoa erakutsi ziguten. Orokorrean, harrera sarean denetarik jasotzen dugu: altzariak, mantak, lotarako zakuak, sukaldeko gauzak, bizikletak... Denetarik. Baina oraingoan, hirian eta inguruko herrietan egon diren gertakariengatik (desalojoak, ondasunen usurpazioak), gauza zehatzagoak eskatzea erabaki dugu. Usurbilen deitu dugun bilketan gizonezkoen galtzak, txandalak, jertseak, zapatilak eta galtzerdiak jasotzea da gure helburua. Hor dugulako behar handiena.
Bildutako materiala nola banatzen duzue gero? Banaketa puntuak dituzue ala egoitzaren bat duzue horretarako propio?
Lokal bat utzi digute Donostiako Egia auzoan eta bertan egiten dugu banaketa eta jasoketa. Gazteek zerbait behar dutenean, gurekin jartzen dira harremanetan edo bertara etortzen dira. Guk hitzordu bat ematen diegu eta hitzordu horren barruan, behar duten guztia hartzen dute. Dohaintzak ere bertan jasotzen ditugu. Norbaitek zerbait ekarri nahiko balu, bertan egoten gara astelehenetan eta ostegunetan, 18:00etatik 19:30era. Mundaiz pasealekua, 4 helbidean gaude.
Zer dela eta soilik gizonezkoena? Migranteen kopuru handiena gizonezkoa delako akaso?
Gurera etortzen diren pertsona gehienak gizonezkoak dira. Emakumezkoen arropa ere ekartzen digute eta jaso, jasotzen dugu, noski. Guk minimo bat mantentzen dugu gure lokalean, baina gainontzeko guztia beste talde edo elkarteetara bideratzen dugu. Adi-bidez, hemen, Egian, frantziskotarren elizak jasotzen du eta banaketa egiten du. Caritasek ere antzekoa egiten du. Haurralde elkartean aldiz, emakumezkoentzako eta haurrentzako arropa jasotzen dute. Guk gehienbat gizonezkoen beharrak asetzen ditugu, badaudelako beste talde batzuk emakumeei eta umeei bideratutakoak.
Itsulapiko bat ere ipiniko duzue, nahi duenak diru ekarpena egin dezan. Harrera Sarearen ekimenak bideratzeko eta sustengu lan hori indartzeko izango da, ezta?
Itsulapikoen bidez jasotzen dugunarekin, talde bezala dauzkagun urgentziak kubritzen ditugu eta oinarrizko materiala erosten dugu (garbiketarako osagaiak, sendagaiak...).
Horrelako bilketa kanpainak beste herri batzuetan ere egiten al dituzue?
Orain arte oso tarteka egiten genituen horrelakoak. Baina orain, beharra dagoela ikusita, Usurbilen abiarazi dugun kanpainaren modukoak aktibatzen hasi gara. Herrietako elkarte ezberdinekin harremanak estutzen, bide batez. Gure asmoa da herri ezberdinetan bilketa kanpainak antolatzea eta leku asko ditugu buruan. Horiek lotu ahala, jakinaraziko ditugu sare sozialen bidez.
"Afari solidarioetara etortzen direnen egoerak nabarmen egin du okerrera"
Afari solidarioen harira, hainbat gorabehera izan ziren duela hilabete batzuk Donostian. Gauzak baretu direla dirudi, ezta?
Lehenik eta behin, argitu nahiko nuke Kaleko Afari Solidarioak eta Harrera Sarea bi talde ezberdin direla. Baina egia da asko garela bietan aritzen garenak. Ni neu, adibidez. Ramadana amaitu da eta ohiko kopuruetara itzultzen ari gara pixkanaka. 100 inguru hurbiltzen dira Gipuzkoa plazako eta Alde Zaharreko banaketa puntuetara; eta 60 bat Amarakora. Kaleko Afari Solidarioek duela hilabete batzuk jasan zuten kriminalizazioaz ari bagara, lortu zuten banaketa puntu bat debekatzea. Egiakoa. Eta “itxuraz”, orain ez gara horrelako erasoak jasaten ari. Azkenaldian bakean utzi gaituzte baina aldi berean, afaltzera etortzen diren pertsonen egoerak nabarmen egin du okerrera. Aurreko astean, prentsaurreko bat eman genuen Harrera Sarearekin batera, eta bertan aipatu genuen bezala, txaboletan zeuden gazte asko indarrez kanporatu dituzte. Desalojo hauetan, poliziaren indarkeria kasuak salatu dira, zituzten ondasunak kendu edo suntsitu dizkiete. Pertsona ahul hauei udal arreta eskaintzeko baliabide nahikorik ez eta testuinguru honetan, gorroto eta jazarpen kanpaina bat ere badago euren kontra. Egoera honek tamalez, elkartasun afarien eremuko segurtasunari eragiteaz gain, arazo sozial sakonago bat agerian uzten du. Etorkizun hobe baten bila etorri dira, baina baldintza prekarioetan bizi dira hemen eta ekintza bortitz eta diskriminatzaileei aurre egitera behartuta daude. Eta testuinguru honetan, ez dute babes instituzionalik. Beraz, ez dakit egoera lasaitu den.
Besterik gehitu nahiko al zenuke?
Harrera Sarean gazte pila bat ditugu formakuntzan, EPA/HHEn eta halako ikastaroetan izena emanda. Zailtasunak dauzkate puntu batetik bestera mugitzeko hirian zehar. Bizikletak eta halakoak jasotzen ditugu baina batzuk ez daude egoera onean. Baldin badago norbait bizikletak konpontzen dakiena, bere laguntza ondo etorriko litzaiguke.
Laguntzeko prest dagoenak, nora jo beharko luke?
Sare sozialen bitartez jar dadila gurekin harremanetan, @harrerasarea Instagram kontuan. Eta besteren batek, Harrera Sarean edo Afari Solidarioetan lagundu nahiko balu, elkarlanean aritzeko prest gaude.