Euskaraldia

Katia, Ibon eta Estitxu ere, Euskaraldiaren Hamaikakoan (2)

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 9a, 10:53

Maiatzeko Euskaraldirako Usurbilgo hamaikakoa aurkeztuko ekimena herrian sustatzen ari den batzordeak larunbatean, apirilaren 12an 13:00ean Mikel Laboa plazan. Enbaxadore talde honen beste hiru ordezkari dituzue lerrootan; Kati, Ibon eta Estitxu. 

 
 
Usurbilek ere bere hamaikakoa izango du datorren Euskaraldian. Kideak banan-bana aurkezten ari da maiatzeko ekimena udalerri honetan sustatzen ari den herri batzordea.  Atzo atari honetan bertan, Antton, Alizia eta Modu ezagutu genituen. Oraingo honetan, beste hirukote bat dakarkizuegu lerrootan; batetik, Ibon, zuetako askok Txirrista tabernatik ezaguna izango zaizuena. Euskaraldiko hamaikako honen kideetako bat duzue. "Euskal Herriak euskaraz bizitzea" zinez garrantzitsutzat jotzen duenez, bide horretan denok elkarrekin eragitera deitu du. Euskaraldian parte hartzeko gonbita egin du, "denok batera posible" izango dela gogoraraztearekin batera. "Gora euskara eta gora Usurbil!", aldarrikatu du ekimen hau Usurbilen bideratzen ari den herri batzordeak eginiko elkarrizketan.



Ildo beretik mintzatu da baita hamaikako beste kide bat. Izan ere, kirol munduak ere ordezkaritza izango du talde horretan, Estitxu Berasategi eskubaloi jokalariaren bidez. 25 urteko herrikideak garrantzitsua dela dio Euskaraldian parte hartzea, "gure altxor hau sustatzeko". Bereziki euskaraz egoki mintzatu ezin dutenen ahalegina nabarmendu nahi izan du. "Hitz egiten ez dakiena euskaraz hitz egiten ikusten saiatzea polita da". Halere, orohar denok dugun erantzunkizunari ere erreparatu nahi izan dio. "Denon esku dago, euskara mantentzeko eta indar gehiago hartzeko ardura". 


Aste honetako Euskaraldiko Usurbilgo hamaikako hirugarren eta azken kidea Kati dugu, azkenaldian Usurbila bizitzera etorritakoen artean dago bera. Sortzez Kataluniakoa da, Bartzelonakoa hain zuzen. Duela hamazazpi urte etorri zen Euskal Herrira eta bi urte eta erdi darama Usurbilen bizitzen. "Bi seme-alaba ditut eta Euskaraldian parte hartu nahi dut, euskara gehiago erabiltzeko. Elkar mugituz egingo dugu. Eman izena!", egin du gonbita.

Norbanakoen izen-ematea 
Hiru herrikideok ere maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldiko hamaikakoa osatuko dute aipatu moduan. Hitzak dioen moduan, hamaika lagunez osaturiko taldea da honakoa. "Euskararen erabilera bultzatzeko urratsa emango dute Euskaraldian zehar". Horrez gain, "ekimenaren enbaxadore" izango dira eta "herritarren parte hartzea aktibatuko dute, Euskaraldiaren berri haien inguruan emanez", herri batzordearen elkarrizketa hauen bidez egiten ari diren moduan. Euskal Herri mailako hamaikakoa iragan azaroan aurkeztu zuten. Herriz herri osatzen joango dira halako taldeak, Usurbilen bezalaxe, baita entitatez entitate ere. "Euskaraldian parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest guztiei ere gonbitea egiten diegu nork bere hamaikakoa osatu dezan, hau da, hizkuntza ohiturak aldatzeko aliatu izango dituzten hamaika lagunen zerrenda osa dezan".

Gogoan izan, maiatzeko ariketa kolektiboan norbanako gisa parte hartzeko izen-ematea zabalik dela; belarriprest nahiz ahobizi gisa euskara ahotan gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hartzea bultzatuko duen ekimenarekin bat egiteko aukera duzue jada euskaraldia.eus atarian sartuta. "Hartu zure rolaren argazkia, partekatu zure sareetan eta zabaldu Euskaraldia lau haizetara!", egin dute gonbita Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herri batzordetik.