Herritik herriarentzako elkartasuna pilatzen doa atzotik Artzabalen kokaturiko Gazte Lokalean. Donostiara heldutako migranteekin lan egiten duen Hiritarron Harrera Sarea herritarrek utzitako arropa biltzen hasia da. Asteazken arratsaldeko 17:00etan ekin zioten bilketa lanari, 19:00ak aurretik ateratako argazkia duzue ondokoa. Dagoeneko kaxa eta poltsa mordoa pilatua zuten Gazte Lokalean.
Gogoan izan, bigarren eta azken bilketa eguna izango dela ostegun honetakoa. Atzo bezala, gaur ere, 17:00-20:00 artean utzi ahalko da arropa Artzabalgo plazan kokaturiko egoitza horretan. "Zure laguntza behar dugu!", galdegin dute. Honatx bildu nahi dutena. Gizonezkoen "prakak, txandalak, zapatilak, botak, jertseak, galtzerdiak behar ditugu", ohartarazi dute. Horrez gain, "itsulapiko bat egongo da diru ekarpena egin nahi duenarentzat".
Tratu diskriminatzailea
Aipatu moduan, herritar talde batekin batera, Donostirako Hiritarron Harrera Sarea da ekimen honen sustatzailea. "Gure gobernuen erantzun falta dela eta, Donostiako Harrera Sareak bizitza duin bat bilatzen duten pertsonak laguntzen ditu".
Orohar, boluntario talde honek "Donostiara iritsitako migranteekin lan egiten du", gehienak "kalean bizi direnak, atzerriko legedi diskriminatzaileen menpe". Araudiok haien bizi proiektua garatzeko aukera zapuzten diete. "Sarritan, arbuioa eta tratu diskriminatzailea jasaten dute".
Donostiako herri mugimendu honek urteak darama alor honetan lanean.

Janari bilketa "Ibai-Ondo Backyard" erronkan
Bestalde, gogoan izan, asteburuan Santuenean estreinakoz jokatuko den erronka hori ere solidarioa izango dela. Bertan, Caritasen Aterpe egitasmorako janaria biltzeko deialdia egin dute. Lasterkariek 3 kilo janari emango dituzte. Baina deialdi irekia da herritar ororentzat. Mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbetan (atuna, sardinak, …), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta eman ahalko da. "Horretarako, boxen gunean edukiontzi batzuk izango ditugu elikagai solidario hauek bertan uzteko".