Hilabeteotan bideraturiko proiektua borobildu dute, udaberriko oporraldian murgiltzear diren Udarregi ikastolako LH 6. mailakoek. Izan ere, gogoan izan, urtero lantzen duten elkartasun egitasmoaren baitan, AEK edota Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundea lagundu izan dute. Aurtengoan, ekimen solidario horren onuraduna DYA izan da. "Dirulaguntza bat eman nahi diogu, horren premia duen elkarte bat delako", adierazi zioten hedabide honi. Horrez gain, hurbil sentitzen dute DYA, "gertu dugun GKE bat da", eta ontzat eman zuten ekarpen hau egitea.
Orain arteko lanketak herrialde askotan dituzten bizi-baldintza gogorrez jabetzeko balio izan die, kanpoko laguntza zein beharrezko duten. Izan ere, "hiruhileko honetan, munduan zehar bizi-baldintza ezberdinak daudela aztertu dugu", diziplinartekoa den egitasmoaren baitan. Azterlan horretatik sortu zen elkartasun azoka hau antolatzea, boluntario askoko erakundea izanik eta etenik gabe laguntzen aritzen direla ikusirik. DYA hautatu zuten elkartasun bilketa honen onuradun. "Ikusi dugunez, DYA-koak bat datoz gure proiektuarekin".
Horretarako, elkartasun azoka antolatu zuten martxoko azken astean. Bertan, etxean eginiko zenbait jaki salgai jartzearekin batera, DYA-ren produktuak ere eskuragarri jarri zituzten.
Jasotako laguntza DYA Gipuzkoako gerente eta herrikide Maider Makazagari helarazi diote, ikastolatik bertatik helarazitako ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan. Guztira 1.136,15 euro batu zituzten azoka hartan. Herritarren eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute, NOAUA!ra igorritako ohar honen bidez:
LH 6. mailako azoka solidarioaren emaitzak
Martxoan egin genuen azokan lortutako dirua, dakizuenez, DYA-ri emango diogu. Guztira, 1136,15 € lortu genituen. DYA-ko produktuen salmentaren bidez, 688 € lortu genituen: bestalde, tortila eta bizkotxoen salmentaren bidez, 448,15 €. Eskerrak eman nahi dizkizuegu azokan parte hartu duzuen guztiori.
Esker onez.
LH6ko ikasleak