Zenbait lan-eskaintza plazaratu ditu NOAUA! Kultur Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 10a, 13:41

Batetik, NOAUA! K.E.-ren hedabideak kazetaria eta publizitate arduraduna behar ditu. Bestetik, Udajolasen aritzeko hezitzaile eta zuzendarien lan-poltsa osatu nahi ditu aipatu kultur elkarte berak.

Lan-eskaintza bat baino gehiago plazaratu du NOAUA! Kultur Elkarteak azken egunotan. Albiste honetan bildu nahi izan dizkizuegu aipatu deialdi guztiok. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, batetik, Usurbilgo herri hedabideak kazetaria eta publizitate arduraduna behar ditu. Interesdunek apirilaren 26a baino lehen helarazi beharko dute curriculuma erredakzioa@noaua.eus helbidera.

Bestalde, kultur elkarte honek Udalarekin batera ekainaren 30etik uztailaren 30era antolaturiko udaleku irekietarako hezitzaile eta zuzendarien lan-poltsa osatu nahi du. Curriculuma-k eta eskaturiko agiriak apirilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Izen-ematea hilaren 16ra arte
Udajolas aipatuta, gogoan izan, udalekuok 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei (HH3-LH6) zuzenduak daude. "Helburua herriko haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, euskararen normalizazioa bultzatzeko. Udalaren zerbitzua bada ere, Noaua kultur elkarteari esleitua dio kudeaketa". Izena emateko epealdia zabalik izango da apirilaren 16ra arte, lotura honetan: https://labur.eus/vuaxpbwe

Adi, aurten aldaketa izango da egutegi aldetik. Normalean, Usurbilgo festak amaitu eta biharamunean ematen zaio hasiera Udajolasi eta uztailaren 30ean amaitu izan ohi da. Aurten, aurreko urteetan baino lehenago abiaraziko da Udajolas; ekainaren 30ean. Bukatu, aldiz, orain arte bezala, uztailaren 30ean amaituko da. Baina 2025eko Usurbilgo jaiak uztailaren 1etik 6ra ospatuko direnez, uztailaren 2tik 4ra ez da Udajolasik izango.

Udaleku hauei buruzko xehetasun gehiago ekainaren 17an jasoko dituzte izena emandako gaztetxoen gurasoek, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan.