Euskaraldia

Mertxek eta Garik osatuko dute Euskaraldiaren Hamaikakoa (4 eta azkena)

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 11a, 12:02

Euskaraldiarekin bat egitera animatuko gaituen Usurbilgo Hamaikakotik ezagutzea falta zitzazkigun azken bi kideak dituzue lerrootan; Mertxe eta Garikoitz. Talde osoa, larunbatean aurkeztuko dute. Euskaraldirako izena eman edota argibideak jasotzeko postua ere jarriko dute.

Egunotan Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordearen bidez, ekimen honen "enbaxadore" taldea ezagutzen joan gara; herri honetako "Hamaikakoa" hain zuzen, ekimena sustatu eta herritarrak maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa kolektiboarekin bat egitera animatzea xede izango duena. Aurreko egunotan hamaikako horretako bederatzi ordezkari ezagutu ditugu. Falta diren biak dituzue lerrootan: Mertxe Pikabea eta Garikoitz Udabe.



Euskara eta hika
Geure ama-hizkuntza bultzatzera gonbidatu gaituzte. Mertxe Aginagan sortu eta bizi da. "Euskara hau mantendu eta hori baino gehixeago, ea bultzatzen dugun". Guztion hizkuntza ohituretan eragin asmo duen laugarren edizio honetan, aurrekoan bezala, Usurbilen Hikaldia praktikara eramatea ere proposatuko da; hau da hika ardatz duten elkarrizketak izatea. Horretan aski ohitua da Aginagakoa. "Guk denok hika hitz egiten dugu bai lagunartean eta etxean. Euskara eta hika, ea bultzatzen ditugun pixka bat", galdegin du edo behintzat gutxienez, mantendu. "Gurea zergatik ez mantendu?", dio Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak eginiko grabazioan. Horregatik, argi dio; "elkar mugituz egingo dugu".



Behobia egitea baino errazagoa
Garikoitz Udabek ere Mertxeren mezu bera helarazi nahi izan digu. Ahotan lehen hitza euskaraz hartzeko gonbita egin du kazetari eta irrati esatari ezagunak. Izan ere, "benetan sorpresa handiak hartzen dira lehenbiziko hitza euskaraz egiten duzunean, ze parean duzun horrek ere seguru askotan bueltan ere euskaraz egingo dizu". Lehen hitz hori da hain zuzen, elkarrizketak euskaraz izateko lehen urratsa. "Hortik sortzen da elkarrizketa gure ama-hizkuntzan eta benetan interesgarria iruditzen zait hori". Horregatik, zalantza izpirik ez du, laugarren Euskaraldian parte hartzeko gonbita egin du, "ze hau Behobia egitea baino askoz ere errazagoa da". Elkar mugituz egingo dugula eta izena emateko deia egin du.

Izena emateko aukera
Gogoan izan, martxoaren 15az geroztik, norbanakook izena emateko aukera dugu Euskaraldian; bai belarriprestek zein ahobiziek. Bakoitzaren egitekoak labur deskribatzearren, ahobizi izatea hautatzen dutenek "euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz" egingo du uneoro. Lehen hitza beti euskaraz. Belarripresten kasuan, beti berari euskaraz hitz egin beharko zaio. Xehetasun gehiago euskaraldia.eus atarian jaso ditzakezue eta atari berean eman ahalko duzue maiatzeko bigarren hamabostaldian egingo den ekimenerako izena.