Nafartarrak taldeak aste honetarako antolaturiko ekitaldi zikloa larunbatean amaituko da, azken egunotako bi liburu aurkezpenen ondotik."Kepa Anabitarte: bizitza bat herriari eskainia" Eneko Bidegainen liburu aurkezpenarekin ekin zioten aipatu zikloari. Joxe Mari Esparzaren "Zumalacárregui y la República de los Pirineos" liburu aurkezpena egin dute ostegun honetan. Zikloa amaitzeko "Lurretik Lurrera" kantaldia programatua dute larunbaterako.
Nafartarrak-en zikloa
Apirilak 12, larunbata
19:00 "Lurretik lurrera" kantaldia Sutegiko auditorioan.
Parte hartzaileak: Claudine Arhancet eta Mixel Etxekopar (Euskal Herria) eta Darlene Gijuminag (Quebec-eko Mig'mawag autoktonoa).
Zehaztasunak: "2022an Mixel Etxekopar eta Claudine Arhancet zuberotarrak gomit izan dira Montrealeko CMM etxean (Centre des Musiciens du monde). Han artista egonaldiak eta sorkuntzak bultzatzen dituzte, mundu zabaleko musikari-kantarien artean. Sortu zuten LURRETIK LURRERA emanaldia. Montrealen izan zen estrena eta Quebecen bigarrena. 2025ean berriz bira bat eginen dute Québec herrialdean eta ondotik Europan izanen dugu Darlene Gihuminag Mig’mawag populuko artistaren hartzeko.
Euskal Herriko Etxepare Institutuak sustatu zuen proiektua, bere “Saison Québec Pays Basque” ekimenaren baitan sartuz, Québeceko herriarekin batean. Kultura topaketa zabalak izan ziren, literatura, zinema, dantza, musika eta hizkuntza ere barne.
Badakigu baina ez ohartzen autoktono horiek zer pairatu duten, eta oraindik ere pairatzen, beren izan eta izenaren duintasunez bizitzeko. Lotura oso naturala izan da euskal kulturarekin, bereziki gure kasuan Zuberoako kantu eta musikarekin. Lurrak duen garrantzia, lurrak duen ikara hori da jokoan topaketa hontan. Hortarik izen burua: Lurretik lurrera...".
Sarrera: 10 euroan aldez aurretik, Lizardi liburu-dendan edo egunean bertan Sutegin.
Antolatzailea: Nafartarrak taldea.