Udaletan euskara lehenesteko aukera eragotzi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 11a, 17:48

Euskararen aurkako oldarraldiaren aurka 2023ko azaroan frontoi atzean ateratako herri argazkia.

Euskararen eta euskaldunon aurkako erasoa gogortu du azken ordutan plazaratu duen epaiak. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek haien jardunean euskara lehenestearen aurkako epaia kaleratu du, irmoa dena jada.

Modu horretan Euskalgintzaren Kontseilutik aditzera eman bezala, "Espainiako Auzitegi Gorenak itxitzat eman du 2016ko Udal Legea garatzen zuen 179/2019 Dekretuko bi artikulu baliogabetzearen aurkako kasazio-helegitearen prozesua. 2023ko urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak, PP alderdi politikoaren helegite baten harira, udalek barne dokumentazioa euskara hutsean egitea ahalbidetzen zuen 18. artikuluko hainbat atal baliogabetu zituen, baita herritarrentzako jakinarazpen eta iragarkietan udalek euskara soilik erabiltzea jasotzen zuen 33.5 artikulua ere".

Eusko Jaurlaritzak epai haren aurkako kasazio-helegitea aurkeztu zuen. PPk hala eskatuta, aipatu Espainiako Auzitegi Gorenak ez du helegitea tramitera onartu ere egin, "Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek epez kanpo aurkeztu zutela iritzita, eta, ondorioz, erabakia irmoa da".

Udalak babesgabe
Jaurlaritzaren akatsa oso larritzat jo du Kontseiluak. Erabaki haren oinarrian, "2023ko uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak, VOX alderdiak jarritako helegite baten harira, Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen 2016ko Udal Legearen 6.2 artikuluaren baliogabetzea dagoela". Handik egun gutxira, UEMA-k deitutako agerraldi bat egin zuten Usurbilgo frontoian udalerri euskaldunetako 125 alkate udal hautetsiek hainbatek herritarrekin batera epai hura salatzeko, albiste honi atxikitako argazkia ordukoa da. Azaroaren 4an, auzitegien jarrera salatu zuten milaka herrikideek Bilbon. Bezperatan, mobilizazio hura babesteko herri argazki jendetsua atera zuten usurbildarrek frontoi atzean.

"Azpimarratu behar dugu sententzia honek udalak erabat babesgabe utzi dituela hainbat jarduera euskara hutsean egin ahal izateko. Erabaki honen berrespenak eta, beraz, sententzia irmoak Udal guztiei eragingo badie ere, bereziki kaltetuko ditu euskara nagusi den eremuetako udalak, UEMAkoak kasu, haietan dagoeneko hainbat jarduera euskara lehenetsiz egiten baitziren", Kontseiluaren esanetan.

Gaineratu dutenez, "ebazpen honek euskara bigarren mailako hizkuntza eta euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatzen ditu, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du. Egoeraren larritasunaz jabeturik, Kontseiluak dei egiten die Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari udalek euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren lege aldaketak erraztu ditzaten. Halaber, udalei dei egiten diegu herritar zein langileen hizkuntza-eskubideetan eta euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko".

Horrekin batera, tankera honetako epai gehiago iritsi daitezkeela ere ohartarazi du; beste bat gutxienez bai. "Hain zuzen, VOX alderdiak dekretu berari jarritako helegitearen ingurukoa. Kasu honetan, hamar puntu izan ziren 179/2019 Dekretuari EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zizkionak. Besteak beste, langile publikoek lehen hitza euskaraz egitea, zerbitzuen kontratazio publikorako hainbat eduki aurrerakoi edota euskara administrazioaren zerbitzu eta lan hizkuntza gisara jasotzen zituztenak. Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago auzia eta, oraindik ebatzi ez bada ere, aurrekoen bidetik erabaki atzerakoia izango dela aurreikusten baita".

Egoera horretan, adi egoteko deia egin du Kontseiluak, "euskararen normalizazioan eta hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten herritarrei, eragile sozialei, sindikatuei, alderdiei eta udalei ebazpen horren aurrean erantzun bateratu eta irmo bat emateko".

"Presazkoa da legea aldatzea, euskara benetan ofiziala izan dadin"
Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ere gogor salatu du azken epaia. Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik euskarak benetako lege-babesa ezinbestekoa dela adierazi du. Horregatik, adierazi dutenez, "alderdiei dei egiten diegu dagokien lekuan egin dezaten horretarako bidea. Kalera ateratzea, epaiak salatzea eta aurrera egingo dugula esatea beharrezkoa da, baina benetan ezinbestekoa dena legea aldatzea da, euskara babesteko".

Hori hala ez bada egiten, ohartarazi UEMA-k ohartarazi duenez, "legearen ezpataren
beldurrez, euskararen aldeko urratsetan atzera egingo dute erakunde publikoek, foro aldundietan eta hiriburuetan ikusten ari garen bezala. Beraz, beharrezkoa bezain presazkoa da legea aldatzea, euskara benetan ofiziala izan dadin, gazteleraren makuluen beharrik gabe".

Horrez gain, epai berri horrek agerian utzi du, "euskarararen aldeko hizkuntza politika benetan aintzat hartzea eta erdigunera ekartzea ezinbestekoa dela. Euskara larrialdian dagoela adierazi dute hainbat ikerketek eta eragilek. Beraz, aurrera egiteko eta egoera benetan iraultzeko euskara erdigunera ekarri behar dute erakunde publikoek. Keinuekin soilik ez dugu aurrera egingo. Keinuek soilik ez dute egoera bideratuko. Benetako erabakien garaia da. Erabaki ausarten garaia da. Bidegurutzean ezin dugu geldirik eta zalantzan geratu. Bidegurutzean, bide egokia hartzea ezinbestekoa da”.


Izan ere, gertaturikoa oso larritzat jo du UEMA-k. "Ehunka udalerri euskaldunen jardunari eta milaka eta milaka herritarren hizkuntza eskubideei eragiten die honek". Horregatik, "Eusko Jaurlaritzari ardurak eta erantzunak eskatzea dagokigu honek bete-betean eragiten digun udalerri euskaldunoi, gertatu denaren inguruko azalpenekin batera”.