Euskaraldia

Usurbilek ere prest du bere Hamaikakoa

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 12a, 18:27

Maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldira begira urrats berri bat eman du prestaketa lanei dagokienean, herri honek; Usurbilgo Hamaikakoa aurkeztu dute larunbat eguerdi honetan, Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldian.

Mertxe, Gari, Valeria, Jon, Jose Ramon, Cati, Ibon, Estitxu, Alizia, Antton eta Modu. Herrikide guztiok osatu dute, maiatzean izango dugun Euskaraldiaren Hamaikakoa. Erronka argi bat izango dute; herrikide diren heinean, gainerakook ere geure hizkuntza ohituretan eragitea xede izango duen ariketa kolektibo horrekin bat egin eta izena ematea.

Larunbat eguerdi honetan, apirilaren 12an, aurkeztu dute Euskaraldirako Usurbilgo Hamaikakoa, Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldian. "Genero, adin, esparru, auzo, bizipen linguistiko anitzeko hamaika lagun" dira, Euskaraldia Usurbilen dinamizatu eta gaurko ekitaldiko deitzaile den herri batzordetik zehaztu moduan. "Batzordeko kideekin batera, Euskaraldiaren kolaboratzaile aktiboak izango dira", iragarri dute.

"Euskaraz jarraitzea hizketan"
Bateko zein besteko bi kideek hartu dute hitza; batetik, ekitaldi hasiera kantuz girotu duen Xabier Iraolak. Maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldirako bere erronka zein izango den azaldu du. "Aurtengo nire helburua izango litzateke, lehenbiziko hitza euskaraz egitea pertsona ororekin. Nahiz eta haiek jakin ez, euskaraz jarraitzea hizketan. Horrela euskarari bere indarra ematea", zehaztu du Iraolak.

Alboan zuen Valeria Garcia Oyarzabal. Sortzez Argentinakoa, duela lau bat urtetik Usurbilgo herrikidea. Jaiotzetik, ordea, Euskal Herriarekin lotura estua izan du. Izan ere, amona Oiartzungoa zuen. Horregatik bertako hizkuntzarekin ere lotura estua izan du betidanik. "Nire asmoa, betidanik euskaraz hitz egitea eta Euskal Herrian bizitzea zen". Aipatu moduan, horrek ekarri zuen Usurbilera.

Euskaraldian parte hartutakoa da lehendik belarriprest gisa baina, datorren maiatzeko laugarren edizioan urrats berri bat eman nahi du; "Ahobizi izango naizela uste dut. Kostatzen zait hitz egitea" baina Valeriak Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordeari eskainitako elkarrizketan nabarmendua duenez, "oso gustura" dago hizkuntza horretan aritu ahal izateagatik. Horregatik, "jantzi txapa! Animatu zaitez!" esanez, ekimenarekin bat egitera gonbidatu gaitu bideo horretan. Baita gaurkoan ere, Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldian. "Zaila da, ez da hain erraza, baina ezinezkoa ere ez", ziurtatu du.