Euskaraldia

Ia seiheun norbanakok eta hemezortzi entitatek eman dute izena jada

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 12a, 17:42

Maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldiko izen-emate kanpainari buruzko xehetasunak eskaintzeko baliatu du ekimena Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak, larunbat eguerdi honetan Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldia.

Hilabete eskas baino ez da geratzen laugarren Euskaraldia abiatzeko. Guztion hizkuntza ohituretan eragitea xede duen ariketa kolektibo hau prestatzeko urrats berri bat eman du herri honek larunbat honetan, apirilaren 12an Mikel Laboa plazan eginiko ekitaldiarekin. Izan ere, ekimen honekin bat egitea bultzatuko duen herritarren Hamaikakoa aurkeztu dute.

Horrekin batera, noski, prestaketa lanen nondik norakoen berri eman dute. Gogoan izan, hilabeteak igaro dira entitateentzat izen-ematea ireki zutenetik. Martxoaren 15az geroztik, bestalde, norbanakoek ere, ahobizi zein belarriprest izango diren guztiek ere apuntatzeko aukera dute. Gaurko ekitaldia deitu duena Euskaraldia Usurbilen dinamizatzen ari den herritarren batzordea izan da. Bilgune honetatik aditzera eman dutenez, dagoeneko hemezortzi entitateek eman dute izena laugarren Euskaraldirako baita ia 600 ahobizi eta belarriprestek ere.

Izena emateko deia denei
Euskaraldirako izen-emateak, ordea, zabalik jarraitzen du. Lehenbiziko aldiz parte hartuko dutenek, nahiz aurreko edizioekin ere bat egin zutenek, denek eman behar dute izena laugarren ariketa kolektibo honetarako ere, izenematea.euskaraldia.eus atarian. Horren garrantzia azpimarratu dute gaurkoan, azken hilabeteotan egiten ari diren moduan. Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".

Euskal Herrian barrena herriz herri dabilen gune ibiltarian ere eman zitekeen izena gaurkoan, beharrezko argibideak jaso edota txapa nahiz Euskaraldiko gainerako baliabideak eskuratu ahal izan dira bertan.

Ez da "kanpaina hutsa"
Ekimen honek orain arte jasotako babesari dagokionean, Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordetik aditzera eman dutenez, izena eman duten hemezortzi entitateak "sustapen lan bikaina egiten ari dira haien kideen artean".

Gonbita egin diete gaurkoan aipatu herri batzordetik, "gainerako talde, elkarte, komertzio, enpresa, erakunde eta abarri haiek ere entitate moduan izena eman dezaten" eta horrekin batera, "modu erraz batean entitateetako kideen artean, Euskaraldia sustatzeko konpromisoa hartzea bultzatu nahi da".

Gauza bera sustatu nahi dute baita norbanako gisa parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztien artean. "Dakizuen bezala, belarriprest edo ahobizi rolak hartzean, geure hizkuntza ohiturei erreparatzen diegu eta, beraz, norberaren kontzientzia linguistika pizten dugu. Euskaraldia, beraz, ez da euskararen aldeko kanpaina hutsa; batetik, aktiboak diren euskaldunak, ahalduntzen laguntzen duelako eta bestetik, pasiboak diren euskaldunak motibatzen eta prestigiatzen dituelako".

Hika aritzeko gonbita
Euskaraldian hika erabili ahal izango da baita. Aukera hau baliatzeko deia egin dute. "Usurbilek parte hartuko du Euskaraldia Hika ekimenean". Nahi duenak horretarako aukera izango du ere izena ematean. Ahobizi edo belarriprest txaparekin batera, "H daraman pegatina banatuko da pertsonak hika egitera animatuko gaituelako horrela eta hitanoaren erabilera indartuko dugulako".

Orohar, Euskaraldia "euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala da. Zehazki, euskara ulertzen duten hizkuntzen hizkuntza-ohiturak aldatu nahi ditu egitasmo honek. Horretarako ariketa kolektibo bat burutzea proposatzen da Euskal Herri osoan hamaika egunez eta eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz", nabarmendu dute gaurko ekitaldian.

Hala, "euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sorrarazi nahi dira ekimen honekin". Hau guztia prestatzen dihardu Usurbilen osatua den herri batzordeak. "Iazko udazkenean elkartu ziren dozena bat euskaltzale, herriko eragileetako kide zein norbanako, Euskaraldia herriratzeko helburuarekin eta aurten ere hori da beraien asmoa, kaleak astinduz eta giroa sortuz".



Euskaraldian parte hartzea
Norbanako gisa
Ahobizi
-Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
-Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.
-Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.

Belarriprest
-Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
-Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.
-Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.

Kolektiboki
Entitateak
Oinarrizko lanketa:
1-INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita. 
2-PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
3-EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…

Lanketa sakona:
Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste: 

  • Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
  • Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
  • Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
  • Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
  • Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
  • ….

Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.

Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/


Euskaraldia Hika
Hika baliatzeko ere parte hartu ahalko da Euskaraldian Usurbilen. "Ekimenak Hika ikusgarri egitea du helburu. Euskaraldiaren oinarriak mantenduta, Hika ere erabiltzeko proposamena gehitzen zaio ariketari, beraz". Ez dago hika jakin beharrik H pegatina ipintzeko. H-ak zera esan nahi du; "nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu".

Informazio gehiago eta izen-emateak: euskaraldia.eus