Lortu dute, Usurbil K.E. nagusi gaur Basaurin

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 13a, 14:51

Argazkia: Usurbil K.E.

Euskadiko txapeldun bihurtu eta Espainiako faserako sailkatzeko partida erabakigarria jokatzekoa zuten Usurbil K.E.-ren senior mutilen taldeak igande honetan, apirilaren 13an Basaurin. Neurketa irabazi dute. 24-39 azken emaitza.

Irabazi dute! Igande honetan, apirilaren 13an, jokatu du Usurbil K.E.-ren senior mutilen taldeak hainbeste esperotako partida erabakigarria. Aurreko asteburuan, Oiardo jokaturiko Muskizen aurkako partida irabazi ostean, gaurkoa zuten neurketa erabakigarrienetan erabakigarriena. 12:15ean hasita, Basaurin jokatu duten neurketa irabazi dute! 24-39 irabazi diote Indupime Basauri taldeari. Euskadiko txapeldun izendatzeko eta Espainiako faserako sailkatzeko ezinbestekoa zuten partida hau irabaztea. Aipatu moduan, erronka lortu dute.

Une hain garrantzitsuan ez dira bakarrik egon. Usurbildar mordoa izan dute alboan; ondoko irudiotakoak. Igande goizeko 9:30an pasatxoan abiatu dira Oiardo kiroldegi paretik Basaurirantz, hiru autobus. Izan ere, 140 lagunek baino gehiagok emana zuten izena gaurkoan usurbildarrak animatzera joateko; "benetan sinestezina", aste hasieran Usurbil K.E.-tik aditzera eman zutenez. Horregatik hain zuzen, "eskerrak eman nahi dizkizuegu izena eman duzuen guztioi".

Hasiera batean autobus bakarrarekin moldatzea aurreikusia bazuten ere, azkenean hiru jarri behar izan dituzte.

Eskubaloi taldeen bilgunetik eskatu moduan, kamiseta gorriekin agertu dira zaletu asko eta asko; tartean ziren, nola ez, jokalarien senide eta lagunak, beste hainbat herrikideekin batera.