Herri erdiguneko auzo-konpostaguneak berritu eta berrantolatzera doaz

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 15a, 09:05

Herri erdiguneko auzo-konpostaguneak berritu eta berrantolatzera doala berri eman du Usurbilgo Udalak.

Guztira zortzi berrituko ditu maiatza eta ekaina artean; tartean dira Atxegalden, Puntapaxen edota Galtzaragainan kokaturikoak. Horretarako, 17.787 euroko inbertsioa bideratuko du. Lan hauei ekin aurretik, horien berri emateko auzo-konpostagune bakoitzeko erabiltzaileekin jarriko da hartuemanetan. “Hainbat helburu ditu inbertsioak: azpiegiturak berritzen jarraitzea, espazio publikoa hobeto aprobetxatzea, eta irisgarriagoak eta erosoagoak izan daitezela bermatzea. Modulo bidezko auzo-konpostaguneak izango dira, Ugartondon duela urtebete jarritakoaren modukoak”.

Auzo- nahiz auto-konpostatze egitasmoetan parte hartzeko eskaera noiznahi egin daiteke. Dagoeneko, gutxienez, 578  familiek parte hartzen dute guneotako batean. “Udalak hornitzen du egituratzailea, eta hustu ere Udalak egiten du, taldeak horrela nahi izanez gero”, argitu dute. Udalak kaleratua duen eskuorrian ohartarazi moduan, "ohikoena, kubo marroian bildu eta dagokion egunetan ateratzea da. Baina onena, ahal izatekotan, etxean bertan norbere biohondakinak kudeatzea da, auto- edo auzo-konpostaren bidez, ongarri baliotsu bat sortuz hondakinak garraiatzen ibili gabe".

Egitasmootan parte hartzen dutenek abantaila fiskalak dituzte. Izan ere, %40ko deskontua aplikatzen zaie hondakinen zergaren tarifa finkoan. Informazio gehiago Udaleko Atez Ateko bulegoan jaso dezakezue, bideotatik baita: 900 776 776, 606 501 024 (whatsapp zerbitzua, 9:30-14:30 artean), atezate@usurbil.eus