Inork gutxi esan dezake bere ibilbideari gorazarre egiteko, egindako lan eta ahaleginaren eskertza moduan, bere izena jarri diotenik kale edo plaza bati. Are gutxiago, ordea, onddo espezie bati. Hori hala izateko ohorea du, ordea, Usurbilgo herrikide batek; Daniel Palacios Quintanok hain zuzen. Mikologiari eskaini dio bere bizitza eta haren eskertza moduan, Nafarroa hegoaldean, Ribaforadan, Ebro ertzean aurkitutako espezieak bere izena izango du betirako; "Coprinopsis Palaciosii" hain zuzen. Bertan eta Bertiz inguruan ere aurkitu omen dute espezie berri hau. "Espezieen erregistroan dago. Eternitaterako nire izena mikologiari lotua egongo da", adierazi dio omenduak NOAUA!ri.
"Ohore handia da"
Esan beharrik ez da, bere abizenak espezie hori izendatuko zuela jakitean omenduak berak sentiturikoa. "Ezusteko handia izan zen. Ezinezkoa zela pentsatu nuen hasieran, baina ez. Ohore handia da", adierazi dio NOAUA!ri. Horrekin batera, ezohikoa dela ere azpimarratu digu. Izan ere, "oso gutxiei jartzen diete zientzialariaren izena eta hala egiten dutenean, hil ostean izaten da, bere omenez. Nire kasuan, zortea dut izendapen honetaz bizirik naizela goza dezakedalako". Mikologia gaietan gogotik aditua eta aritua da Palacios. Hamaika kongresu eta jardunaldietan parte hartutakoa da hemendik gertu, nahiz Europan zehar. Tripaki mikologia taldea eta "Izadi" dibulgaziorako aldizkaria sortu zituen, Aranzadi zientzia elkarteko mikologia saila zuzendu du. Egindako lana ere erakusgai jarri izan du sarritan, trebakuntza saioak bideratzearekin batera; Loiola K.E.-k iragan udazkenean antolaturiko 25. Mikologia jardunaldietan esaterako.
Kultur elkarte horrekin eta bere kokagunearekin lotura estua du Palaciosek. "Inon baino kasu gehiago egin didate. Prestigio handia hartu dute". Horren erakusgarri, aipatu jardunaldietako bere ikastaroek duten harrera edota erakusketak. Bildumak ikusgai jartzerakoan bere beste dohainetako bat erakutsi izan du; marrazketarena.
Gaztetatik datorkiona, "Burgosko marrazketa eskolara joan nintzelako".
Lau mila identifikaziotik gora
"Jende asko ezagutu dut. Mikologo onenak ezagutu ditut. Haiengandik asko ikasi dut", oroitarazi digu. Bere esanetan, "inor ez da jaiotzen jakinda, denborarekin ikasi behar izaten da, baina ondo ikasi behar da". Burgosen jaioa, hamarkadak daramatza Usurbilen bizitzen. Zaletuentzako nahiz dibulgaziorako hainbat liburu idatziak ditu, tresna baliotsuak alor honetan arakatzen hasi nahi zuenarentzat. Berea bezalako gidarik ez omen da.
Izan ere, babestua dago mendira onddo bila eskuartean eraman nahi duenarentzat. Dibulgatzaile lan horretan egindako ekarpena nabarmendu du. "Irakastea gustuko dut. Beti pedagogiara dedikatu izan naiz".
Hori dena egiteko, halere, garrantzitsuena, ezagutza landu du eta eskuartean izan du zenbaezina den onddo kopurua. Argi nabarmendu nahi izan digu, "nire eskutik pasa ez direnak ez ditut jartzen inoiz". Hori hala izanda ere, "lau milatik gora espezie identifikatuak ditut" adierazi dio hedabide honi. Lan hau egoki egiteko, azaldu digunez, "aldez aurretik, hiru urtez leku berdinean agertu behar dute edo bestela aldizka lau urteko tartean".
Jarri dizkigun adibideen artean, hurbileko bi espezie inbaditzaileen berri segidan. Jatorriz Madagascarrekoa izan, Frantzia hegoaldera heldu eta handik gure artera iritsitakoa; "Andatza josia dago". Bigarrena, gaztetan, artean, "ezkongabea nintzela" identifikatu ahal izan zuena Villabona aldean, jatorriz Australiakoa. "Hemen, leku guztietan dago. Autoktonoa, bertakoa lekualdatu du".
Egun, "tristuraz bizi dut, onddo bila" joan ezina, baina bere bizitzako ardatz nagusietakoa izan duen mikologia munduan beti bada zereginik eta aipatu digunez, espezieen generoak aldatzen doazela eta "sistematika ordenatu beharra" dagoela adierazi digu, aurrerantzean bere izena eta egindakoaren aitortza betiko onddo espezie batean jasoa geratu ostean.