STEM Proficient zigilua eskuratu berri duzue. Nork ematen du zigilu hau eta zer irizpideen arabera ematen da?
Zigilu hau European Schoolnet erakundearen ekimen bat da, Scientix (STEM hezkuntza sustatzen duen Europako plataforma) eta STEAM Alliance erakundeekin lankidetzan. Europako ikastetxeek STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) hezkuntzan egiten duten lana aitortzea eta hobetzea da zigilu honen funtsa. Zigilu hau eskuratzeko, ikastetxeek aurrera eramaten dituzten STEM proiektuak aurkeztu behar dituzte eta ebaluatzaileek proiektu horiek aztertzen dituzte.
Proiektuak baloratzeko garaian, ze irizpide hartzen dituzte kontuan?
• Lidergoa eta ikuspegia: Eskolako zuzendaritzak eta irakasle-taldeak STEM arloen garapenean duten konpromisoa eta ikuspegi estrategikoa.
• Curriculuma eta ebaluazioa: Arlo zientifiko-teknologikoak nola txertatzen diren ikasketa-planean, bai irakaskuntzan bai ebaluazioan.
• Irakasleen prestakuntza: Irakasleek STEM gaietan jasotzen duten etengabeko formazioa, metodologia berritzaileak aplikatzeko gaitasuna barne.
• Azpiegiturak eta baliabideak: Eskolak dituen instalazio, laborategi, tresna digital eta baliabide teknologikoen egokitasuna, bai eta horien kudeaketa ere.
• Elkarlana eta sareak: Ikastetxeak kanpo eragileekin (unibertsitateak, enpresak, zentro teknologikoak...) duen harremana eta proiektuetan parte-hartzea.
• Ikasleen motibazioa eta parte-hartzea: STEM arloekiko interesa pizteko egiten diren ekintzak, esperientzia praktikoak, proiektu lankidetzak edo hezkuntza-berrikuntzari lotutako beste jarduera batzuk.
Competent zigilua bazuen lehendik Udarregi ikastolak. Orain STEM Proficient zigilua iritsi da. Horrek zer esan nahi du, Udarregiren hezkuntza eskaintzak urrats bat aurrera eman duela?
STEM Proficient zigilua lortu ahal izateko, beraiek eskuragarri jartzen duten plataforman hiru proiektu gutxienez argitaratu behar dizkizute ebaluatzaileek eta gure kasuan hala izan da. Aurkeztutako proiektuek goian aipatutako ezaugarriak eduki behar dituzte. Errekonozimendu honek gure autoebaluaziorako balio izan digu eta bide onetik goazela frogatzeko, bai eta ikastolak ahalegin berezia egiten duela zientzia eta teknologia arloetan berrikuntza sustatzeko ere.
Udarregi ikastolako zuzendaritzarena, irakasleena, ikasleena… Izendapen berri hau eskuratu ahal izateko, noren ahalegina nabarmendu beharko litzateke?
Elkarlanean oinarritutako lorpena izan da. Badira urte batzuk bide bat egiten hasi ginela STEM proiektuak garatu eta txertatzen eta edonon elkarlana funtsezkoa izan da akreditazio hau lortzeko.