“Bihia” diskoa plazaratu zenuten joan zen urtean. Nola deskribatuko zenuke Xendra musika taldearen izaera?
Genero baten barnean kokatzea zaila da, baina musika lasaia da. Pop-rocketik hartzen du zerbait, baina orokorrean, lasaia dela esango nuke.
2020an sortu zineten. Lau urte hauetan zer egin duzue diskoa atera bitarte?
Uharteko lagunekin askotan egin izan dugu musika. Gazteagoa nintzenean, eta Usurbilen bizi nintzenean ere bertara joaten nintzen, baina behin ere ez genuen kontzerturik eman. Duela 5 urte edo, Uhartera joan nintzen bizitzera eta entseguak egiten aritu ostean, diskoren bat grabatzea edo erabaki genuen. Asmo ikaragarririk gabe, baina oso pixkanakako prozesuan. Duela bi urte hasi zen proiektua, nolabait. Taldekide berriak sartu ditugu eta egun, 3 neska eta 3 mutilek osatzen dugu taldea. Hala, Irunberrin zortzi abestiko diskoa atera genuen joan zen urtean.
Kontzertuak maiz eskaintzen dituzue?
Ez. Diskoa grabatu eta orain goaz hastera horrekin, 3-4 kontzertu lotuta dauzkagu. Badugu bertigo pixka bat, prozesua alderantziz egin dugu eta.
"Bakoitzari berea" abestia “Herri Urrats II. Maketa Lehiaketara” aurkeztu duzue.
Bai, baina ez dugu irabazi. Kontzertuekin hastera goazela ikusita, animatu egin ginen, baina ez dugu lortu.
Lehiaketa horren irabazleak Senperen maiatzaren 11n jotzeko aukera izango du. Halako jaialdietan hartu duzue parte lehenago?
Gure musika ez da parranda batean jartzeko modukoa, jendeari bajoia emango lioke. Ez da giro horretako musika. Arratsaldez lasai entzuteko musika da. Hala ere, datorrena hartuko dugu.
Bateria jo eta koroak egiten dituzu.
Txikitan saxofoia jotzen nuen eta talde batean sartu nahi nuen 17 bat urterekin. Saxofoiarekin zaila da talde batean aritzea, eta bateria jotzea erabaki nuen. Uharten udan jaietan jo genituen abestitxo batzuk, baina Xendra da nire lehen musika taldea edo proiektua. Lasai-lasai jarraituko dugu proiektu honekin eta pixkanaka taula gainean esperientzia hartzea da asmoa.