"Bihurri ludotekak espazio atsegin bat eskaintzen die gurasoei"

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 16a, 19:49

Zuzendaritza aldaketa egin berri dute Bihurri ludotekan eta indartsu hasi dituzte urte berriko antolaketa lanak. Hainbat jarduera aurreikusi dituzte datozen hilabeteetarako.

Herritar askok jakingo dute Bihurri ludoteka non dagoen, baina inork gutxi funtzionamendua. Zuzendaritza berritu duzue.
Autogestionatua da ludoteka, eta udaletxeak utzitako lokala da. Bazkidetza bidez funtzionatzen dugu eta 0-8 urte bitarteko umeei zuzendutakoa da. Bazkidetzak eskubideak ematen ditu, baina baita betebeharrak ere, eta horietako bat urte amaierako zuzendaritza aldaketa izaten da. Urtero aldatzen da zuzendaritza taldea, eta betiere, hiru bazkidek osatzen dute. Minimoa hiru pertsona izaten dira, erregistroak hala eskatzen digulako, eta zozketa bidez aukeratzen dugu normalean. Bolondres ere aurkeztu zaitezke zuzendaritzaren parte izateko, baina ez da inor animatzen gehienetan. Orain gutxi osatu dugu zuzendaritza talde berria, eta partaideetako bat irailean izena emandakoa da. Beraz, edonori tokatu lekioke.

Zeintzuk dira zuzendaritza taldearen lanak?
Eguneroko martxa kudeatzeaz gain, urteko ekitaldiak antolatzeaz arduratzen gara. Udalak kulturari bideratutako dirulaguntzetara aurkezten gara, eta horrekin funtzionatzen dugu. Ludotekako materiala hartzen dugu kontuan. Berritu beharreko eskulanetarako materiala, eta epe-luzeko materialari ere erreparatu behar izaten zaio noizbehinka. Betiere saiatzen gara materiala irizpide batzuen arabera aukeratzen: euskarazko materiala, inklusiboa… mezu zuzen eta argia duten materiala, eta didaktikoa bilatzen dugu.

Bazkidetza denez, kuota bat ordaindu beharra dago.
Urteko kuota ordaindu behar da. 10 euro izaten dira urteko, eta matrikula egiteagatik 30 euro ordaindu behar izaten dira. Azpimarratu beharra dago kuota ez dela umeko ordaintzen, baizik eta familiako. Familia batean hiru ume badaude, kuota behin bakarrik ordaindu behar da, eta ez hiru aldiz. Giltzen kopia egin behar izaten dugu, eta horregatik ordaindu behar da matrikula. Eskubide batzuk dauzkagu lokala erabili ahal izateko, eta betebeharrak ere baditu, horien artean, zuzendaritza aldaketan parte hartu beharra eta garbiketa lanak egin beharra. Bazkide kopuruaren araberakoa izaten da garbiketaren kontua. Lokala bazkideon artean garbitzen dugu, eta komuna udaletxeko langileen esku egoten da. Astero familia batek garbitzen du, eta beraz, bazkide kopuruaren arabera, urtean behin garbitzea tokatzen zaigu, edo hori ere ez. Urteak 52 aste dauzka eta 56 bazkide gara orain, beraz, urtean behin garbitu behar dugu gutxi gorabehera. Hemen ere, bazkideak gurasoak direnez, bazkide kopurua eta haur kopurua ez datoz bat; haur bat baino gehiagoko familiak ere badaudelako.

Berrikuntzarik izango da datozen hilabeteetan?
Santixabeletan Umeen Egunaz gain, zerbait gehiago ere antolatuko dugu jaietan. Adin-tarte batean hutsunea nabari genuen, batez ere, 0-4 urte bitarteko umeen kasuan. Buruhandiez gain, ez dago eskaintzarik haur txikientzat. Ideia horrekin bueltaka ibili gara, eta aukerak badaudela ikusi dugu; falta dena eragile bat da hori bideratzeko. Beraz, proposamena egingo dugu Umeen Egunaz gain, adin-tarte horretako haurrentzat zerbait antolatzeko. Laguntza eskatuko diegu ekintza horiek antolatzeko beste eragile batzuei. Honi buruz asko pentsatu dugu, eta konturatu gara adin-tartea asko handitzen denetan, haur handiagoek berenganatzen dutela espazioa. Beraz, murriztu egingo dugu pixka bat adin-tarte hori, eskaintza ere mugatuagoa izan dadin hutsune hori bete ahal izateko.

Zein da eskaintza?
Ludotekan denetik daukagu, eta eskaintza zabala da. Espazioa ez da oso handia, baina gauza dezente dauzkagu: mahai-jokoak, eskulanetarako materiala, psikomotrizitatea lantzeko materiala, irakurtzeko materiala, mozorroak, buruhandiak… pedagogikoki ere HHn horrela funtzionatzen dute. Aldartearen arabera, mugimendu gehiagoko jolasetarako joera hartzen dute, eta jarduera lasaiagoak egiten dituzte.

"Lehen sorospenak haurtzaroan” antolatu duzue berriki.
Orain gutxi konturatu gara herritarrek ez gaituztela eragile modura ikusten. Ludoteka espazioa jende dezentek ezagutzen duela uste dugu, nahiz eta eragile ikuspegirik egon ez. Orain pixka bat zabaldu nahi dugu gure proiektua, jendeak ere jakin dezan non gauden eta zertan gabiltzan. Autogestioak ardura dakar berarekin, baina baita ikaragarrizko askatasuna ere. Txoko hau ez da umea uzteko lekua, baizik eta gurasook ere eurekin egoteko tartea eskaintzen digu mugikorrik eta distrakziorik gabe. Espazio goxo eta atsegina da, eta umearekin konplizitatea lortzeko ederra. Jolasgune aterpedun baten falta nabari dute guraso askok, baina ludotekak nolabait bete lezake hutsune hori. Funtzio hori bete dezake maila batean, bestelako beharrei garrantzirik kendu gabe betiere. Ume bat baino gehiagoko familientzat elkargune moduko bat da. Gainera, yoga ikastaro bat antolatzeko asmotan dabiltza iraileko hiru asteburutan eta urriko beste batean; ordubeteko saioak egingo ditugu. Gurasoek interesa erakusten badute, saiatuko gara bideratzen ikasturtean zehar jarraitzeko. Zibersegurtasuna lantzeko asmoa ere badaukagu, nahiz eta oraindik ez dugun erabat zehaztu. Zinema saioa ere aztertu nahi dugu haurrik txikienentzat.

Noiz du erabilera zabalagoa, goizez edo arratsaldez?
Ez dakigu, profila ezberdina da. Goizez 0-2 urte ingurukoak joaten dira gehien. Oraindik eskolatu gabeko haurrek erabiltzen dute goizez, batez ere. Entretenitzeko aukera ederra da ludoteka guraso edo aitona-amonekin. Hala ere, ludotekara etortzen diren ume gehienak 4-8 urte artekoak dira. Horrek zer pentsatua ematen du ludotekaren iruditeria horretan. Lehenago aipatu dugun bezala, bada beste hutsune bat edo adin-tarte bat eskaintzarik ez duena, eta horiek 8-12 urte bitarteko haurrak dira. Ludoteka 8 urterekin amaitzen da, eta Gaztelekura ezin dira joan 12 urte izan arte. Eragileok buelta bat eman behar diogu arazo horri.

Haurrak ludotekara eraman nahi dituztenek zer egin behar dute?
Gurekin harremanetan jarri behar dute. Datuak jaso, kuota ordaindu eta giltza ematen diegu. Egunero egoten da irekita ludoteka, urteko 365 egunetan. Agian, datorren ikasturte hasierarako ate irekiak antolatuko ditugu lekua eta eskaintza ikusi nahi dituztenentzat. Beraz, ez dago aitzakiarik, animatu!