Euskara ahotan hartzeko gogoak batu ditu argazkiko mahaiaren bueltan dauden herrikideak. Mintzalagun egitasmoaz ari gara, martxan baita berriz. Aurrerantzean, Euskaltzaleen Topagunetik sustaturiko egitasmoa esleitzeko Usurbilgo Udalak eginiko deialdian nagusitu ostean, Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak kudeatuko du, bertako langile eta herrikide Imanol Furundarenak. Berri eman digunez, hiru talde dabiltza dinamika honetan euskarari eragiten; batetik, aldez aurretik, Etumeta AEK euskaltegiak kudeatzen zuen garaian sortu eta azkenaldian, haien kabuz bildu izan diren bi talde eta ondoko irudiko hirugarren taldea, urte hasieran eginiko izen-emate kanpainaren harira osaturikoa.
Izena emateko aukera
Furundarenak NOAUA!ri adierazi dionez, parte hartzeko izena emateko aukera bada oraindik eta horretara deitu du. Helbide honetan duzuen galdetegia osatuta eman ahalko duzue izena: https://forms.gle/PtDQmmvkZrJw97Sv5 .
"Talde berri bat sortu den heinean, ateak irekiak ditugu jende berriak nahi badu izena eman, ikusi delako programa hau arrakastatsua dela", usurbildarraren esanetan. Gogoan izan, taldeka, "euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan".
Normalean, astean behin biltzen dira taldeok "kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira". Furundarenak gaineratu bezala, "helburua gune eroso zein atsegina sortzea da, inongo lotsa eta beldurrik gabe hitz egiteko". Sustatzaileen esanetan, parte hartzaileek "lortzen dituzten onurak, euskaraz hitz egiteaz haratago, onura praktikoak, sozialak, emozionalak… dira". Izan ere, "hitz egiteaz gain, gustuko dituzten ekintzak egiten dituzte elkarrekin, hala nola lagun giroan paseatu, kirola egin, kafe bat hartu edo besterik gabe elkarren konpainia eta solasaldiaz disfrutatu!".
Euskararen mintzalagun diren hiru taldeek, nork bere bidean segiko du astero elkartzen, baina tarteka, topaketak ere antolatu asmo dituzte. "Hiru taldeak independenteki biltzen segiko dute, baina bizpahiru hilabetez behin geratuko gara elkarrekin eta topaketa batzuk egingo ditugu elkarren artean ezagutzeko, kezkak, ahulgune eta indarguneak partekatu eta elkarrekin ahalduntzeko", Mintzalagun programaren dinamizatzailearen esanetan.
"Oso eroso eta gustura"
Albiste honi atxikitako argazkia, aipatu moduan, osatu den hirugarren taldearena da, lehen aldiz otsailean elkar ezagutzeko Potxoenean bildu zirenekoa. Gainerako bi taldeekin hartuemanetan jarrita, "bidelagunek komentatu didate oso eroso eta gustura daudela eta oso baliotsua zaiela espazio hori". Usurbil herri euskalduna izanik, bidelarien aldetik jaso izan dutenez, "programa hau haien hizkuntza indartzeko baliatu nahi dute, besteekin komunikatu ahal izateko, harremanak indartzeko eta oztopo ez izateko haien egunerokoan, jendea ezagutzerakoan".