Udako aisialdi eskaintzan izena emateko azken egunak, asteotakoa martxan jarri berritan

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 14a, 12:59

Ostiralaz geroztik, apirilaren 11tik bi asteko udaberriko oporraldi betean dira gaztetxoak. Aurreko urteen antzera, Kirol Astea antolatu dute LH 3 eta 6 mailen arteko gaztetxoentzat Pagazpe Kirol Elkarteak eta Usurbil F.T.-k, astelehen honetatik, ostegunera, apirilaren 14tik 17ra, 10:00-13:00 artean izango da. Izena emateko epealdia apirilaren 6an itxi zuten.

Gaztelekua
Bertatik bi irteera antolatu dituzte egunotarako. Lehenengoa, larunbaterako zuten iragarria DBH2koentzat, "Conopy" (Igeldoko arborismoa) izeneko eremura joatekoak ziren. Astelehen honetan, apirilaren 14an, DBH1ekoekin Sendavivara joan asmo dute. Informazio gehiago:
gaztelekuausurbil@gmail.com
688 713 838

Hitz Aho
"Xut, udaberriari keinu" izeneko tailerra ere antolatu du Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak, hurrengo asterako, apirilaren 22tik 25era, 10:30-12:00 artean Udarregi ikastolan. "Naturarekin bat eginez, udaberria interpretatuko dugu irudiz eta hitzez". Zehaztu dutenez, “banakako zein taldeko ariketak egingo ditugu hiru dimentsioetako irudiak sortuz. Tamaina handian margotu eta idatziko dugu. Animalia eta landare desberdinak azalduko dira bertan. Garaiari loturiko soinu eta onomatopeiek ere jantziko dute lana. Bukatzeko, ipuin ezberdinak sortuko ditugu”.  Zorione Mendezek bideratuko duen ekimena, 7-12 urte artekoei zuzendua egongo da. Izena emateko formulario hau bete beharko da: https://forms.gle/VzKPN1f8XoyqvG8h9

Ziortza, 40. urtemuga atarian
40 urte bete ditu Ziortza Gazte Elkarteak. Berriki jakinarazi zuten moduan, jarri diote eguna ospakizun urtemugari, maiatzaren 23an eta 24an murgilduko dira urteurren festan. Urteurren berezi honi begira, gainera, bilguneak dituen produktuen katalogoa argitaratu berri du bere sare sozialetan.

"Jakingo duzuen bezala, gure 40. urteurrena ospatzen gabiltza; eta hortaz, Ziortzako produktu sorta sortu dugu maitasun handiz", nabarmendu dute. Produktu sorta osoa Ane Ibargoyen herrikideak diseinaturiko katalogo batean bildu dute. Bilduma horretan dagoen galdetegiaren bidez eskatu ahalko dira produktu horiek. Izan ere denetarik dute; kamisetak, sudaderak, txapelak, kantinplorak, mantalak, Tote Bag-ak... "Produktuen eskaerak zuen erantzunen arabera egingo ditugunez mesedez galdetegia konpromezuz bete", galdegin dute Ziortzatik. Hona hemen aipatu kontuei lotutako estekak:
-Katalogoa.
-Galdetegia.

Ziortza gazte elkartekoekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue: ziortzage@gmail.com edo Instagram bidez @ziortzage helbidean. Apirileko azken asteburuan Beizamako aterpetxean elkarbizitza asteburua igaroko dute.


Udako eskaintza
Udaberriko oporraldia igaro eta bi hilabetera helduko da uda partekoa. Usurbilgo Udalak plazaraturiko garai horretarako aisialdi eskaintzan izena emateko azken egunak dituzue. Batetik, Oiardo kiroldegian ikastaroak iragarri ditu uztaila osorako. "Ariketa fisikoa egitea sustatzeko helburuz, udaleko Kirol sailak zenbait ikastaro eskaini ohi ditu, uztailean: aretoko zein uretako ikastaroak daude aukeran, haur, gazte eta helduentzat prestatuak". Uztailaren 1ean hasi eta hilaren 30era arteko iraupena izango dute trebakuntza saioek. Uztailaren 2ko eta 25eko jaiegunetan ez da ikastarorik izango ezta haurrei zuzenduriko saiorik uztailaren 3an eta 4an, Usurbilgo festak tarteko.

Oiardo kiroldegiko eskaintzarekin batera, Udajolas ere antolatu du Usurbilgo Udalak NOAUA! Kultur Elkartearekin batera. Gogoan izan, udalekuok 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei (HH3-LH6) zuzenduak daude. "Helburua herriko haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, euskararen normalizazioa bultzatzeko. Udalaren zerbitzua bada ere, Noaua kultur elkarteari esleitua dio kudeaketa".

Adi, aurten aldaketa izango da egutegi aldetik. Normalean, Usurbilgo festak amaitu eta biharamunean ematen zaio hasiera Udajolasi eta uztailaren 30ean amaitu izan ohi da. Aurten, aurreko urteetan baino lehenago abiaraziko da Udajolas; ekainaren 30ean. Bukatu, aldiz, orain arte bezala, uztailaren 30ean amaituko da. Baina 2025eko Usurbilgo jaiak uztailaren 1etik 6ra ospatuko direnez, uztailaren 2tik 4ra ez da Udajolasik izango.

Udaleku hauei buruzko xehetasun gehiago ekainaren 17an jasoko dituzte izena emandako gaztetxoen gurasoek, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan.

Izen-ematea
Eskaintza batean zein bestean emateko epealdi bera finkatu du Usurbilgo Udalak. Oiardo kiroldegiko ikastaroetan nahiz Udajolasen apirilaren 3tik 16ra matrikulatu ahalko dute interesdunek, segidan dituzuen esteken bidez:
-Udajolasen izena emateko lotura: https://labur.eus/vuaxpbwe
-Ikastaroetan izena emateko lotura: https://labur.eus/r7x2fhkv