Ezkontza zibilak arautzea erabaki du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 15a, 11:39

Ezkontza mota hauek ugaritzen ari diren honetan, beharrezkoa ikusi du udal gobernu taldeak eskariak gehitzen doazen garai honetan, gai hau arautzea.

"Beharrezkoa ikusten da ezkontza zibilen administrazio-prozedura (nola egin eskaerak, horretarako epeak, aurkeztu beharreko dokumentazioa) arautzen duen araudia onartzea, bai eta arautzea hori eska dezaketen pertsonak nortzuk diren, ospakizun horietarako finkatzen diren datak eta orduak, eta baita lekuak ere". Hasieraz eta aho batez onartu zuen udalbatzak martxoaren 27ko osoko bilkuran.

Ordenantza horren xedea, "Usurbilgo Udalean egiten diren ezkontza zibilen baimenak eta ospakizunak arautzea" da. Hainbat kontu zehazten ditu; esaterako, ezkontza hauek egiteko ohiko tokia, udaletxeko udalbatza aretoa izango da; bestela, "horretarako gaitutako beste udal-lokalen bat".

Ezkontza hauek noiz egin ahalko diren, ordutegi hau finkatuko dute:
-Ostiral ez-jaiegunetan (estatukoak, autonomikoak eta tokikoak), 12:00tik 14:00era, aste santuan, gabonetan eta herriko jaietan izan ezik.
-Hileko bigarren larunbata (jaieguna izan ezik), 11:30etik 13:00era, aste santua, gabonak eta herriko jaiak izan ezik.

Ekitaldiaren zehaztasunak
Ezkontza hauetarako, ezinbestekoa izango da ezkongaietako bat Usurbilen erroldatua egotea "edo gutxienez 10 urtez (etenik gabe) edo 15 urtez (txandaka eta etenekin) erroldatuta egon izana, edo azken 5 urteetan Usurbilen 3 urtez lan egin izana eta kontratua indarrean izatea, edo etxebizitza bat jabetzan edukitzea Usurbilen".

Ezkontideek izapidetu beharko dute ezkontzarako baimen judiziala. Ekitaldiaren beraren hainbat ezaugarri ere zehazten ditu araudi berak; hala nola, iraupena (30 minutukoak izango dira), apaintzeko edota ikus-entzunezkoak proiektatzeko aukera. Halaber, erabat debekatua egongo da "zeremoniaren irteeran (udaletxeko eskaileretara edo udaletxeko plazara eta beheko aldeetara) arroza, lore-azalak edo antzeko beste edozein produktu botatzea. Horiek bota izanaren erantzukizuna ezkongaiek bakarrik izango dute".

30 lanegunez jendaurrean jarri zuten udalbatzak martxoa amaieran aho batez onarturiko araudia Udalak apirilaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman bezalaxe, erreklamazioetarako. Halakorik ez balego, ordenantza hau behin betiko onartutzat joko da.