Batetik, Santuenean Usurbilgo Udalak jabetzan dituen bi etxebizitzen kalifikazio juridikoa aldatzea onetsi zuen udalbatzak aho batez martxoaren 27ko osoko bilkuran; etxebizitza hauek ondare-ondasun izateari utzi eta herri-jabariko ondasun bihurtzeko. Hartara, bi bizilekuok "jabari publikoari lotzea" onartu zuten hasieraz.
Udaletik azaldu dutenez, aldaketa honekin, "etxebizitza bat gizarte larritasunezko egoerei aurre egiteko balioanitzdun harrera-etxebizitza erabilera edo zerbitzu publikorako bideratuko da eta bestea Gizarte Zerbitzuen arloan sortutako beste premiei erantzuteko". Hilabeteko erreklamazio epealdia zabalduko du Udalak laster. Tarte horretan halakorik ez balego, erabaki hau behin betiko onartutzat joko da.
Larritasun egoeretarako etxebizitzak
Etxebizitzaren gaiari lotuta baita, "gizarte larritasunezko egoerei aurre egiteko balioanitzdun etxebizitzetako ordenantzaren aldaketari" ere hasierako onespena eman zion udalbatzak aho batez, martxoa amaierako osoko bilkuran. 30 lanegunez jarriko da jendaurrean. Tarte horretan erreklamaziorik jasoko ez balitz, behin betiko onartutzat joko da.
Araudi hau jatorriz, 1990. urtekoa da. Etxebizitza hauen helburua "egoera kritikoei erantzun nahi dien aldi baterako larrialdiko harrera zerbitzua arautzea da". Egoera kritikoen kontzeptua nolabait zabaldu egingo du aldaketa honekin. Izan ere, garai batean hondamendi egoerei lotua zegoen. Aldiz, egoera berezi gehiago tarteko, geroz eta gehiago dira larrialdi egoera horretan izaten direnak. Araudiak izendatuak ditu bestelako egoera horiek; besteak beste, indarkeria matxistak, familia arazo larriak eraginda etxetik berehala atera behar izatea edota etxegabetze kasuak ere aintzakotzat hartzen ditu, baina udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran zehaztu zutenez, kasu horretan, "epaitegi eskaera bat egon behar du".
Udalak jabetzan dituen bi etxebizitza bideratuko dira, larrialdi egoera hauetara; batetik, Santueneko bizilekuetako bat eta baita "Maixu-etxe" izenez ezaguna zaigun Udarregi ikastola ondoko eraikineko beste pisuetako bat ere. Egoera horretan direnek zortzi hilabetez baliatu ahalko dituzte etxebizitza hauek. "Gastu arruntak (ura, argindarra eta abar) esleipendunek ordaindu beharko dituzte, baina ez zaie alokairurik kobratuko".