Taxi tarifa berriak urte honetarako

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 15a, 11:13

Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremurako taxi tarifa ehuneko berean handituko dute.

Urtero moduan, garraio zerbitzu honen herri barruko tarifak onartu zituen aho batez udalbatzak, martxoaren 27ko osoko bilkuran. Oraingoan, ordea, berezitasun batekin. Izan ere, iaz Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua sortzea onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hamaika udalerriko eremu horren baitan da Usurbil.

Ondorioz, "eremua osatzen duten udalerri guztietan tarifa bera" ezartzea adostu zuten. Aurten, %5,02ko igoera aplikatzea proposatu dute, "EBEko udalerrietako hiri tarifen azken urteetako aldaketak kontuan hartuta, tarifa bateratuen ondoriozko diru-sarreren doikuntzari buruzko azterketa egin ondoren (horrek igoera puntual eta ezohikoa planteatzen du), eta taxi zerbitzuari eragiten dioten kostuen azken bi urteetako eboluzioaren azterketa desindexatua eginik".

Udalbatzak onarturiko 2025eko taxi tarifei lotutako erabakia Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko arduradunari helaraziko zaio, "behin betiko onespena eman dezan". Horrez gain, erabakiaren ziurtagiria Usurbilgo taxi titularrei, "G.TAXI Gipuzkoako Taxisten Elkarteari, AGITAX Gipuzkoako Taxisten Elkartearieta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio Departamentuari" ere igorriko diote.