2024ko udal aurrekontuaren emaitza positiboa izan dela jakinarazi zuen udal kontuhartzaileak martxoaren 27an eginiko udalbatzaren osoko bilkuran. Guztira, 1.289.484,57 eurokoa izan zen, "hau da, 2024an izandako diru-sarrerekin 2024an sortutako gastuak finantzatzeko ahalmena izan du udalak, eta, gainera, 1.289.484,57 euroko soberakina sortu du". Iazko udal aurrekontuok urtean zehar izandako bilakaera zehaztu zuen. Izan ere, "2024 hasierako aurrekontua 13.117.569,45 eurokoa bazen ere, urtean zehar egindako kreditu txertaketekin eta kreditu gehigarriekin, 2024ko behin betiko aurrekontua 19.295.800,58 eurokoa izan zen".
Horrez gain, "2024ko kontuen likidazioak betetzen ditu aurrekontu egonkortasunari lotutako hiru betekizunak. Batetik, 981.531,94 euroko superabita izan du; hau da, ohiko sarrerak ohiko gastuak baino handiagoak izan dira. Bestetik, zor bizia %25,76ekoa da, legeak baimentzen duen %70eko langatik urrun. Eta, azkenik, gastu arauari dagokionez, ez du gastu muga gainditu: 12.273.075,85 eurokoa zen muga, eta hori baino 757.054,51 euro gutxiago gastatu ditu. Horiek guztiak kontuan hartuta, udalak ez du Plan Ekonomiko Finantzariorik egin beharko".
Iazko udal aurrekontuaren emaitza positiboa izanda, "diruzaintza gerakineko zati bat hurrengo urteko aurrekontuetara pasa dezakete udalek. Aurten, txertaketa guztia egingo balitz, 1.483.936,89 euro geldituko lirateke 2025ean gastu berri eta aurreikusi gabeak finantzatzeko".