Santixabeletako txupinazoa nork botako duen erabakitzeko garaia heldu da

Erredakzioa 2025ko api. 22a, 12:15

Santixabelekin lotutako bi deialdi jarriko dira martxan bihartik aurrera: festetako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketarena eta txupinazoa nork bota erabakitzekoa. "Bi kasuetan, parte hartzeko azken eguna maiatzaren 23a izango da", udaletxetik aditzera eman dutenez.

Santixabeletako egitaraua diseinatzeko lehiaketa

Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean antolatzen dute diseinu lehiaketa hau. Lehiaketaren oinarriak Usurbilgo Udalaren web orrialdean aurki ditzakezue, usurbilkultura.eus web helbidean.

 

Txupinazoari lotutako deialdia

Txupinazoa nork botako duen erabakitzeko, Jai Batzordeak herritarren iritzia ezagutu nahi du. Galdetegi bat jarri du martxan da eta kasu honetan, txupinazoa nork botatzea nahi duzun zehaztu behar duzu, zergatia azaltzearekin batera.

Proposamenak helarazteko bi modu daude: kultura@usurbil.eus helbidera idatzita, edo apirilaren 23tik aurrera udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean egongo diren kutxetan utzita.

 

Informazio gehiagorako

Iaz, adineko emakume zaintzaileek bota zuten txupinazoa eta Ane Ibargoien Alvarezek irabazi zuen egitarau lehiaketa.

Informazio gehiago kultura@usurbil.eus e-posta helbidearen bidez jaso dezakezue, edo 943 37 19 99 telefono zenbakira deituta.