2018ko udazkenean, Ruper Ordorikaren 'Bakarka' diskoa argitaratu zuen Elkarrek. Disko hartan, Ruperrek bere ibilbideko kanta adierazgarrienetako batzuk errepasatu zituen bakarka. Disko hura Azkarateko Mamia estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu zen, Jonan anaiaren eskutik.
2024an pauso berri bat eman zuen Ruperrek 'Bakarka' diskoan hasitako bide minimalistan. Izan ere, 40 urteko ibilbidean asko dira sortu dituen kantu adierazgarriak. Eta horietako asko faltan sumatzen ziren 'Bakarka' hartan. Zeintzuk? Bakoitzak “bereak” sumatzen zituen faltan, jakina. Gauzak horrela, kantari oñatiarrak bere errepertoriotik 12 kanta gehiago aukeratu eta grabatu zituen artifiziorik gabeko estiloan.
Hainbat arrazoik egiten dute berezi 'Bakarka bi' diskoa. Horietako bat formatua da. CD formatuan, esan bezala, 12 kanta bildu zituen 'Bakarka bi'-k, tartean Erruduna (bideoan entzun daitekeena), Zaindu maite duzun hori eta Zaldiak negarrez.
Biniloan ere ikusi zuen argia diskoak. Baina kasu honetan, LPa bikoitza da. Disko batean 'Bakarka'-ko 10 kanta jaso zituen eta besteak, 'Bakarka bi'-ko 12 abestiak. Bakarka bi ere Azkarateko Mamia estudioan grabatu, nahastu eta masterizatua izan zen.