Usurbil-Arantzazu

Arantzazura oinez joateko ohitura berritu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 24a, 10:17

Indarberrituriko taldeak apirilaren 17an osatu zuen Usurbildik Arantzazurainoko 63 kilometroko ibilbidea.

Erronka bete dute beste urte batez. Lau hamarkadatik gorako ohitura berritu du ondoko irudiotan duzuen kuadrillak. Urtero moduan, apirilaren 17an eguna argitu baino lehen, goizaldeko 5:00ak aldera Mikel Laboa plazan bildu eta tipi-tapa oinez abiatu ziren Arantzazurantz. 63 kilometroko ibilbidea osatu zuten, mendiz mendi helmugara iritsi arte. Hamabi bat orduko ibilaldia egin ohi dute.

Bidean, kide gehiago batu zitzaizkien. Izan ere, egun hitzordu hau antolatzen dutenek aurretik prestatu izan dutenen lekukoa jasoa dute. Kide beteranoenak azken txanpan batu izan zaizkie azken urteotan, baita oraingoan ere. Horretarako, haiek oinez abiatu ostean, haien aurretik doan ibilgailua baliatzen dute, edonork ibilbidean zehar sartu nahi badu horretarako aukera izan dezan, edota helmugan gainerako kideekin elkartu ahal izateko.

Aurtengo edizioa prestatu dutenek iragarri moduan, "aspaldiko urteetako kuadrillarik handiena" batu dute oraingoan.

Andatza Egunera begira
Laster, gehiago izango dira. Izan ere, ate joka dugu urtero moduan, Andatza Eguna. Maiatzeko lehen igandean herrikide hainbat batuko dira mendi tontor horretan. Arantzazuko ibilaldiko antolatzaileek berri eman dutenez, maiatzaren 4ra begira dira dagoeneko. Haiek arduratzen dira Andatzara igotakoen sabela poztea ahalbidetuko duen hamaiketako girotuaz.