Aurreko urteen ildotik, posturik gorenean segitzen du Usurbil Judo Klubak. Bilgune honetatik azkenaldian izandako garaipenen berri eman diote hedabide honi. "Hilabete ona" izan dutela nabarmendu dute. Hasteko, "Legazpiko Haurren Nazioarteko Txapelketan, zortzi autonomiatako 220 judoken parte-hartzearekin Arnau Ruizek irabazi zuen -46kg-ko pisu-dibisioan".
Astebete geroago, martxoan bertan, bigarren hamabostaldian, "Madrilen, Ne wazako Espainiako Txapelketa absolutua (lurreko borroka) ospatu zen, non Mafer Carazasek urrea lortu zuen -52kg-ko pisu-dibisioan. Hurrengo egunean, Eider Barandiaran bere klubeko kideak urrea lortu zuen jiu jitsu modalitatean, -57 kg-ko pisu-dibisioan".
Hilabete honen hasieran, bestalde, "haur mailako Euskadiko jokoak jokatu ziren, eta Arnau Ruizek brontzezko domina lortu zuen -46kg-ko pisu-dibisioan. Azkenik, egun horretan bertan, kadete mailako Aner Altuna gaztea podiumaren gorenera igo zen kadete mailako Euskadiko txapelketetan, eta Huescan Espainiako txapelketa jokatzeko postua lortu zuen, -81kg-ko mailan. Urre honekin, Anerrek adin horretako Euskadiko bi txapelketa garrantzitsuenak irabazi zituen, Erandioko Internazionala eta Euskadiko Txapelketa".