"Indarra lantzeko makinak eta tresnak modu egokian erabiltzeko ikastaro teoriko-praktikoa izango da, doan, eta kiroldegiko gimnasioko baliabideak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek", antolatzaileen esanetan.
Kiroldegiko gimnasioko joerek eta halako trebakuntza saioak antolatzeko eskaerek bultzatu dute Udala ekimen hau bideratzera. "Gimnasioan bi joera nagusitu ohi dira: emakume gehienek kardio-ariketak egiten dituzte, eta, gizonek, indarrari lotutakoak. Bestetik, azken hilabeteotan antolatutako bestelako ikastaroetan parte-hartzaileek halako ikastaro baten beharra adierazi izan dute. Hala, emakumeen artean entrenamendu mota hori bultzatzeko asmoz, gorputzaren mugimenduak ezagutu eta indartu nahi diren gorputz atalak lantzeko modurik eta tresnarik egokienak ezagutuko dituzte".
Aurreikusi dutenez, hiru orduko bi saio izango dira, maiatzeko bi larunbatetan, hilaren 10ean eta 31n eta kiroldegian, 10:00-13:00 artean. Aipatu moduan, atal teoriko eta praktikoa izango ditu ikastaroak. Zati praktikoan, "gimnasioa tarte batez eurentzat itxiko dute, modu erosoagoan ikasteko aukera izan dezaten".
Saio hauetarako izena apirilaren 28tik maiatzaren 7ra eman ahalko da, "gehienezko plaza kopurua bete arte". Honako galdetegi hau osatu beharko da epealdi horretan: galdetegia
Antolakuntzak ohartarazi duenez, "ez da beharrezkoa maila jakin bat izatea ikastaroan parte hartzeko: emakume guztiei zuzenduta dago, batez ere, hasi berriak diren edo hasteko gogoa dutenei. Indar entrenamenduaren onurak, helburuak, mitoak, teknika, materiala eta makinak landuko dituzte, Zuhegan kirol zentroko kideen eskutik".
Entrenamendu saio hauez gain, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeen Etxetik ekintza gehiago iragarri dituzte maiatzerako. Honako hauek hain zuzen:
Emakumeon Etxea
Maiatzak 15, osteguna
18:00 Uxue Alberdi Estibaritzen "Hetero" liburu aurkezpena. Ondoren, solasaldia.
Maiatzak 24, larunbata
19:00 Evaren Alabak antzerki taldearen "Ring" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Ring batean sartzen diren bi aktorerekin hasiko da antzezlana. Bata gizonez jantzita dago eta bestea emakumez. Ikusleek ring-a inguratzen dute. Aurkezle batek pertsonaiak iragarri eta ikuskizuna hasten da".
Hizkuntza: elebiduna
Zerbitzuak
-Liburutegi feminista:"Emakumeon Etxean liburu feministak daude eskuragarri: maileguan hartzeko aukera dago".
-Aholkularitza juridiko eta psikosoziala:"Zerbitzu honen bitartez, gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen dugu: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak".
Zerbitzu egunak: maiatzak 21, ekainak 11, uztailak 9.
Ordutegia: 15:00-18:00.
-Aholkularitza psikologikoa: "Sexu aholkularitza zerbitzuaren erabilpen urria antzemanda, horren ordez aholkularitza psikologikoko zerbitzua eskaintzea erabaki da. Zerbitzuaren xedea pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte-eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua".
Zerbitzu egunak: apirilak 28, maiatzak 12 eta 26, ekainak 9 eta 23, uztailak 7.
Ordutegia: 15:00-19:00.
Zerbitzuon hitzordua eskatzeko:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus