Apirilaren 12ko asteburuan estreinakoz eginiko Santueneko "Ibai-Ondo Backyard" lasterketaren ondotik, izaera solidarioko urteko bigarren lasterketara begira da jada herri hau. Datorren hau jada errotua dago, ezaguna duzue. Izan ere, Uxue Trail elkartasuna ardatz duen mendi lasterketari buruz ari gara. Bosgarren edizioa ekainaren 15erako iragarri dute eta izena emateko epealdia zabalik da jada kronoak.com atarian.
Gogoan izan, "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko" hasi ziren antolatzen ekimen hau 2019ko uztailean. Sentsibilizazioa sustatzez gain, aipatu eritasuna ikertzeko laguntza bildu ohi dute, lasterkarien izen-emateen bidez baita dortsal solidarioaren bidez ere.
Uxue Trail lasterketak herri erdigunea eta Andatza lotzen ditu, bi distantzia ezberdinetako mendi lasterketekin; 20 kilometroko Uxue Trail Luzearen nahiz 11,5 kilometroko Uxue Trail Motzaren bidez. Korrika egin ordez, oinez parte hartu nahi duenarentzat ere bada aukerarik, 5,5 kilometroko Uxue Paseoaren bidez. Amaieran, parte hartzaileen artean sariak zozketatuko dituzte.
Ekainaren 15ean modu batean zein bestean parte hartu ezin duenarentzat ere dortsal solidarioa aukeran du; diru ekarpen bat egin dezake Phelan-McDermid Sindromea ikertzen laguntzeko.
Koreografia eta abestia
Iazko laugarren edizioak 600 parte hartzaile erakarri zituen. Izan zuen nobedaderik, gainera, duela urtebeteko hitzorduak; elkartasun ekimenak soinu-banda eta koreografia du ordutik hain zuzen. Ixaksonak taldeak ondutako abestia eta zumba gazte taldekoek prestaturiko koreografia aurkeztu zuten.
5. Uxue Trail
Eguna: ekainak 15, igandea.
Ordua: 09:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Izena ematea: ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte, kronoak.com atarian. Egunean bertan ere eman ahalko da izena.
Tarifak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa: donazioa.
Oharra: egunean bertan izena eman ahalko da, 5 euro gehiagoren truke.
Informazio gehiago: 22q13.org.es