Azken ostirala

Sarek deitutako mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 25a, 07:05

Sarek hilero azken ostiraletan antolatu ohi duen mobilizazio eguna dugu gaurkoa.

Heldu da apirileko azken ostirala. Hilero moduan, Sarek deitutako mobilizazio eguna bueltan da. Ostiral honetan, apirilaren 25ean, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Euskal Herri mailako bilgune honek maiatzerako iragarritako dinamikaren atarian egingo da mobilizazio hau. Izan ere, "konponbiderako puzzle zatiak lotuko dituen ekimena" iragarri du Sarek maiatzaren 17 eta 18ko asteburuan. Lesakan hasi eta Iruñean amaituko den ekimenak Hego Euskal Herriko lau herrialdeak zeharkatuko ditu, "puzzlea osatu arte!", Sarek berak argitaratutako kartelak adierazi moduan.

Erregimen itxiko presoak eta haien herriak ardatz
Deitzaileek gogorarazi dutenez, martxoaren 22an eginiko batzar orokorrean aurreratu zuten aipatu bi egun horietan udaberri garai honetarako dinamika. "Datorren urtean ETAk bere jarduera amaitu zuela 15 urte beteko direlarik, oraindik orain, hainbat dira salbuespen legeak medio etxerako bidea oztopo duten euskal presoak. Puzzlea osatu arte deitu diogun ekimenean, zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak eta haien herriak ardatz izango dituen ekimena burutzea dugu helburu", iragarri du Sarek.

Izan ere, "espetxe eta bergizarteratze politikak, baldintzak betetzen dituztenen kasuan, zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen die preso guztiei oro har. Euskal presoen kasuan ordea, salbuespen politika da bide horren oztopo eta lege arrunta aplikatuko balitzaieke, euskal presoen %100ak beteko lituzke kalera irteten hasteko baldintza horiek".

Halere, gogorarazi dutenez, "Euskal Herrian dauden espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik, batzuk erregimen irekian egiten dute, 100.2 edo hirugarren gradua, baina 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barnebiltzen dituzten herriak".

Honenbestez, "Puzzlea osatu arte" deituriko dinamika honek 29 herri horiek lotuko ditu. "Maiatzaren 17an eta 18an zehar, preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia da nabarmendu nahi duguna, beraien zigorrak erregimen irekian betez, zigorraren azken urteak etxean bete ditzatenaren beharraz".

Bi egun horietan, "Lesakan hasi eta Iruñean amaituko den Puzzlea osatu arte ekimenean, oraindik puzzlea osatzeko falta zaizkigun zatiak puzzlean kokatzeko eskatuko dugu. Puzzlean falta diren presoei lege arrunta aplikatu eta etxerako bidea egin dezaten aldarrikatuko dugu. Baldintzak betetzen dituztelako, legeak aukera ematen duelako".