"Prezipitazio handiagatik" abisu horia ezarri dute gaur arratsaldetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 25a, 08:19

Ekaitz arriskuagatik ostiral arratsalde eta gaur partean abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Udaberri giro beteko ostirala esnatu zaigu gaurkoan. Halere, hurrengo orduotan zeharo aldatu daiteke eguraldia. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi dutenez, "prezipitazio handiagatik" abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, "ordubetean 15 litro metro karratuko baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu eta zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra (0.5-1 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-80 kilometro ordukoak)".

Giro honekin, beraz, ostiral honetan, apirilaren 25ean Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin egongo da eta arratsaldean hodeitza handituz joango da, eta gauean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geldituko da. Gauean zaparrada txiki-ertainak bota ditzake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da eta eki-osagaia nagusituko da, eta arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatuko da ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Euritan joango zaigu asteburua. Larunbatean, hilaren 26an, "egunaren lehenengo partean zerua oso hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira, eta ostarteak irekiko dira. Zaparrada txikiak botako ditu goizaldean zenbait lekutan ertainak. Ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira, eta zenbait lekutan egunaren azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoak jaitsiko dira".

Igandean, "egunaren lehenengo partean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeitza txikituz joango da, zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitsu gelditu arte. Egunaren lehenengo partean zaparrada txikiak botako ditu. Ipar-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi igoko dira".