Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Elizbarrutiak eta Musikenek Organoak Plazara zikloaren edizio berria (zortzigarrena) antolatu dute apirilaren 30etik maiatzaren 4ra Donostiako, Azkoitiako, Bergarako, Ataungo eta Usurbilgo elizetan. Europako organoen bilduma onenetakoa du Gipuzkoak eta hura babestu nahiz ezagutzera ematea du xede ekimen honek. “Programa hau funtsezkoa da lurraldeko musika-ondareari balioa emateko, lehen mailako musikariak bilduz eta interprete berrien parte-hartzea bultzatuz”.
Gipuzkoako organo-ondarea eta organo-errepertorioa publikoarengana hurbiltzeko kontzertu zikloa antolatu dute egunotarako. "Bost egunetan zehar, aipatutako organo zoragarriak ezagutzeko aukera izango dugu nazioarteko artisten eskutik eta baita ere Musikenen organoa ilusioz ikasten ari diren gazte talentudunen eskutik. Publikoak kalitate goreneko programazioaz gozatu ahal izango du, Gipuzkoak harrotu dezakeen organo-ondare handia nabarmentzeko".
Emanaldion artean, Erwan Le Pradoren organo kontzertuaz gozatzeko aukera izango da larunbatean, maiatzaren 3an, arratsaldeko 19:30etan Salbatore elizan. Ibilbide oparoa izan du bakarlari nahiz orkestrako kide gisa munduan barrena, "Europan, Estatu Batuetan, Hego Amerikan, Japonian, Txinan, Sirian...".
Hainbat sari jasotakoa da, “organoan, inprobisazioan, baxu jarraituan, harmonian, kontrapuntuan, fugan eta XX. mendeko idazketan. Biarritzeko, Luzernako eta St. Albanseko nazioarteko lehiaketak irabazi zituen; lehenengo saria eskuratu zuen Suitzako Nazioarteko Lehiaketan, Genevan; Grand Prix de Chartres saria irabazi zuen 2000. urtean, eta errezital baten albuma grabatu zuen Radio-France irratirako".
Organo-jole hau "Caengo Kontserbatorioko organo irakaslea da, eta Falaiseko Parisot eta Saint-Etienne de Caengo Cavaillé Coll organo historikoen titularra. Irakasle gonbidatua da Oundle-eko Organoaren Nazioarteko Akademian, Cambridgen eta Oxforden, Leipzigeko Europako Akademian eta Errusiako Kaliningradeko Nazioarteko Akademian, eskola magistralak ematen ditu aldizka hainbat unibertsitatetan (Essen, Lübeck, Würzburg, Birmingham, Tokio, Basilea, etab.), eta epaimahaietan ere parte hartzen du (St. Albanseko, Chartreseko eta Nurenbergeko nazioarteko lehiaketetan edo Freiberg-eko Silbermann lehiaketan, besteak beste). 2023tik, Birminghamgo (Erresuma Batua)
Unibertsitateko eta Goi Kontserbatorioko irakasle gonbidatua da".
Gipuzkoako organoak plazara 2025
Apirilak 30, asteazkena
20:00 Musikeneko organo klasearen kontzertua Donostiako San Bizente elizan.
Maiatzak 1, osteguna
17:30 Victor Perea Garcíaren kontzertua Azkoitiko Santa Maria La Real elizan.
Maiatzak 2, ostirala
10:00 Michel Bouvarden organoari buruzko "masterclass" saioa Donostiako San Bizente elizan.
20:00 Michel eta Yasuko Bouvarden kontzertua Donostiako San Bizente elizan.
Maiatzak 3, larunbata
12:00 Aitor Olearen kontzertua eta konferentzia Bergarako Ariznoako San Pedro elizan.
19:30 Erwan Le Pradoren kontzertua Usurbilgo Salbatore elizan.
Maiatzak 4, igandea
12:30 Krzysztof Urbaniaken kontzertua Ataungo Tourseko San Martinen elizan.