Aztarri-Cup ekimenean izena emateko azken txanpa

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 25a, 09:12

Apirilaren 28ra arteko epealdia finkatu du Aztarrika gazte asanbladak izena emateko taldeentzat, maiatzetik ekainera arte jokatuko den edizio berrirako.

Udaberriko ostiral gauak gogotik girotu izan dituen Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladaren Aztarri-Cup ekimena abiatzera doa. “Aurten ere, ostiral gauetako planekin gatoz!”, iragarri dute. Hockey eta artzikirolak tartekatuko dituzten partidetan parte hartzeko taldeentzako izen-ematea azken txanpan da; apirilaren 28ra arte apuntatu ahalko da.

Jardunaldi egunak ere finkatuak ditu dagoeneko gazte asanbladak. Lau ostiral hauetan jokatuko dira partidak: maiatzaren 9an eta 23an eta ekainaren 6an eta 13an. "Hasi taldeak osatzen eta animatu!", egin dute gonbita Aztarrikatik. Xehetasun gehiago, gazte asanbladaren sare sozialen bidez jaso ahalko duzue. Haien instagram helbidea honako hau duzue: instagram.com/aztarrika/