"Usurbil denona, denontzat"

Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala herritarren ekarpenekin osatuko du Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 25a, 15:43

"Usurbil denONA, denontzat" aldarria daraman prozesua abiatzera doa Usurbilgo Udala, herria irisgarriago bilakatzea xede izango duena. Lehen saioa, maiatzaren 14rako antolatu du.

"Usurbil denONA, denontzat" izateko aldarri hori daraman prozesua abiatzera doala iragarri du Usurbilgo Udalak. Izan ere, "Udala Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala osatzera doa", berri eman dutenez. Orain arte erakunde barruan, herri mailako irisgarritasuna hobetzera bideraturiko prozesua herriarekin partekatu nahi du eta usurbildarren ekarpenak jaso. Horretarako, maiatzaren 14rako saioa deitu du arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Udalak antolaturiko bi saioetan lehenengoa izango da honako hau. 

"Udalak herritarren eta eragileen inplikazioa bilatuko du plana osatzeko, zenbat eta parte-hartze zabalagoa izan, orduan eta aberatsagoa izango baita. Maiatzaren 14ko saioan herritarren ekarpenak jasota, proposamen zehatzak landuko dituzte bigarren saioan. Parte-hartzaileek ez dute hirigintzan adituak izan behar, Usurbilen bizitzen arituak baizik, izan ere, usurbildarren egunerokotasuna oinarri izango dituzten irizpideak funtsezkoak izango dira, besteak beste, aniztasunari erantzuteko, autonomia sustatzeko edota zaintza lanak errazteko", argitu dute Udaletik.

"Udalerri irisgarria"
Udaletik aditzera eman dutenez, "IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren idazketa 2020an onartutako EIUE Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiaren barruan ulertzen da: estrategia horrek EAE-ko erakundeei eskatzen die, baita udalei ere, ingurune fisikoaren irisgarritasunaz haragoko neurriak har ditzatela. Udalak IUPI-a idazteko Eusko Jaurlaritzaren 12.750 euroko dirulaguntza jaso du. Izan ere, fisikoaz gain, irisgarritasun unibertsalak barne hartzen du irisgarritasun kognitiboa ere, pertsona guztiek erraz ulertzeko, komunikatzeko eta elkarri eragiteko aukera izan dezaten: inguruneek, prozesuek, ondasunek eta zerbitzuek bete behar duten baldintza da, baita tresnek eta gailuek ere, pertsona guztiek segurtasun- eta erosotasun-baldintzetan eta ahalik eta modu autonomoenean ulertu, baliatu eta erabili ahal izateko".

IUPI-a lau urtez izango da indarrean. Lan-eremua zabalduko du. Izan ere, "azken urteetan, irisgarritasun planak egin dira, eta horietan “udalerri irisgarria” esparrua landu izan da: kaleak, eraikinak, garraioa eta komunikazioaren alorretan esku hartu da. IUPI-ekin, “udal irisgarria” esparrua ere landu beharko da: hau da, zerbitzu, prozesu eta arretaren alorretan ere esku hartuko da. Irisgarritasunaren irizpidea zeharkakoa izatea eragingo du horrek, hau da, udalaren sail gehiagotara zabaltzea".

Halere, "planean jasotzen diren esku-hartzeek zehatzak izan beharko dute, bai deskribapenean, bai eta horien jarraipena egingo duten arduren banaketan ere. Udalaren baliabideak ondo neurtzea eskatuko du: esku-hartzeak lehenetsi beharko dira, kostuak eta onurak neurtuz".