Eguneroko bizimodua eten da bapatean 12:30ak pasatxoan. Hasieran NOAUA! Kultur Elkarte barruko matxura zelakoan, Eguzkitzaldea ere egoera berean zela jabetu gara, herrian ere ez zela argirik eta minutu gutxi barru, sare sozialen bidez, denok bezalaxe askoz haratagokoa zela etenaldia; gutxienez iberiar penintsula osoari eragin dio baita Europako zonalde gehiagori ere antza. Segidan ikus dezakezue Espainiar Argindar Sarearen kontsumo datuen bilakaera. 12:30ak pasatxoan izan den etenaldia oso argi adierazi du ondoko grafikaren bidez:
Bizilagun hainbat balkoietan ikusi ditugu, beste hainbat plazan edota kalean. Haurrak ikastolatik atera berri izan eta askorentzat bazkalorduan gertatu da itzalaldia. Astelehen eguzkitsu honetako argitasuna zen kalean, erabateko iluntasuna leku itxietan, komertzio, lantoki edota etxebizitzetan.
Lan jarduna, ikasketak... Ohiko astelehen eguerdi bat eten du ia ordubete iraun duen itzalaldiak. Izan da garajeetatik ibilgailua ateratzeko arazorik izan duenik, Santueneko zubiko semaforoa itzalita zegoenez auzoa ibaiaren bi aldeak lotzen dituen komunikazio bidea zeharkatzeko estu ibili denik ere bai.
Garraio zerbitzuei dagokienean, EuskoTreneko zerbitzua erabat eten du itzalaldiak. Lurraldebuseko zenbait zonaldeetan ere atzerapenak eragin ditu, izan ere, bidaiari kopurua nabarmen handitu delako.
Maila honetako itzalaldiaren eragina datozen orduotan nabarmentzen segiko da. Itzalaldiak izan ditugu besteetan ere, oraingo honen maila eta haren eragina ezohikoa izaten ari da, ordea. Ez da argitu zerk eragin duen.