Ez dago argi oraindik zerk eragin duen iberiar penintsula osoa argirik gabe utzi duen aurrekaririk gabeko itzalaldia. Espainiako gobernuko presidente Pedro Sanchezek astelehen arratsaldean egindako agerraldian hipotesirik ez dutela baztertzen adierazi du.
Momentuz, gertatutakoaz baino ezin daiteke hitz egin. Eguerdiko 12:30ak pasatxoan, 12:33 aldera, argindarra eten da iberiar penintsula osoan, Europako leku gehiagotan ere bai. Hortik aurrera, pixkanaka eta zonaldeka itzultzen joan da argindar zerbitzua. Usurbili dagokionean edota Donostialdeko beste zenbait tokietan ordubete baino lehen itzuli da; aldiz, udalerri honetatik gertu, Astigarragan edota Hernanin astelehen arratsaldean oraindik argindar zerbitzua etenda zuten.
Gipuzkoan %88ko "normaltasuna"
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orohar, egoera zertan den zehazteko agerraldia eskaini berri du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta segurtasun arloko sailburu Bingen Zupiriak. Gipuzkoari dagokionean, argindar zerbitzua berreskuratua du lurraldearen %88ak, Arabak ere ia erabat eta Bizkaiaren %78ak. Bataz beste, EAE-ren %84ak berriz martxan du argindar zerbitzua. Halere, ohartarazi dutenez, oraindik orain gorabeherak gerta daitezke eta "egongo dira", ohartarazi dute. Horregatik, pazientzia izan eta zuhurtziarako deia egin du lehendakariak hedabideen aurrean.
Eusko Jaurlaritzaren segurtasun sailburuak gaineratu duenez, intzidentzia maila desberdina izan da zonaldearen arabera, adibide gisa jarri duenez, "Donostialdean askoz txikiagoa, Gipuzkoako edo EAE-ko beste hainbat lekuetan baino".
Garraio zerbitzuetan gorabehera gehien
253 erreskate egin omen dituzte, gehienak igogailuetan harrapatuak geratu diren pertsonenak. Larrialdi egoeretarako 112 telefono zenbakiak "etenik gabe funtzionatu du eta herritarren dei eta eskari guztiak artatzeko modua" izan duela gaineratu du Zupiriak. Halere, itzalaldiak eragin handiena garraio zerbitzuetan eragin du, bereziki, aldiriko, tren, metro eta tranbia zerbitzuetan. Besteak beste, Usurbil zeharkatzen duen Euskotren zerbitzua etenda egon da, arratsalderako martxan zen berriz. "Arazo gehienak, biharko egunari begira hor egon daitezke", aurreikusi du segurtasun sailburuak.
Intzidentziaren bat edo beste izan da gainerakoan, errepideen sarean informazio panelak argirik gabe geratu direlako edota osasun zerbitzuetan atzerapenen bat ere izan dela adierazi dute, baina "larrialdi zerbitzuak ondo funtzionatzen" ari direla eta orohar, "normaltasunez funtzionatu dute aurreikusitako kontigentzia plan guztiek" gaineratu du Zupiriak.
Lasaitasuna, zuhurtzia eta erantzukidetasuna
Lehendakariaren esanetan, "egoera zaila eta ziurgabea da", eta horregatik, "adi egon behar dugu gertatzen denari". Biharkoa, astearte hau alegia, "ez da egun normala izango" aurreikusi du. Izan ere, gogorarazi duenez, "orduak edo egunak beharko ditugu normaltasunera iristeko".
Horregatik, aipatu moduan, zuhurtziarako deia egindu, normaltasunerantz goazen arren, oraindik gorabeherak egon daitezkeelako. Erantzukizunez jokatzea ere galdegin du lehendakariak. "Behar beharrezkoak ez diren joan-etorriak" saihestea eskatu du. Era berean, larrialdi zerbitzuak edota zerbitzu horiekin hartuemanetan jartzea ahalbidetzen digun 112 telefono zenbakia ere zuhurtziaz erabiltzeko eskatu du baita desinformaziorik ez hedatzea, "alarmismoa eta mesfidantza besterik ez dute sortzen" eta.
Ezohiko testuinguru honetan, "erakundeok prest gaude egoera honi aurre egiteko, elkarlanean eta denok batera". Koordinatuak daudela eman du aditzera lehendakariak, estatu espainiarreko erakundeekin ere hartuemanetan direla. "Gure baliabideak estatuari eskaini dizkiogu, beharko balituzte". Haiei, estatu espainiarreko agintariei larrialdi egoera hau politikoki ez erabiltzeko deia egin die Pradalesek. "Egoerari ahalik eta azkarren eta ondoen erantzutea da lehentasuna. Lankidetza da arrakastarako sekretu bakarra, elkarlana".
"Inork ez daki bihar goizean zein izango den egoera"
Biharko egunari begira, iturri ofizialetatik beharrezko informazioa jasotzea eskatu dute Eusko Jaurlaritzatik. Larrialdi egoeretarako 112 telefono zenbakia erabilgarri dagoela jakinarazi dute. "Ez badago larritasunik ez erabili, kolapsoa saihesteko". Aurreikusi dutenez, "gertatu liteke argi etenen bat egotea". Ondorioz, adibidez, zenbait saltokietako pertsianak itxi edo ireki ezinik geratzea. Kasu horietan, udaltzaingora edo Ertzaintzara deitzea aholkatu dute. "Inork ez daki bihar goizean zein izango den egoera". Horregatik aurrez informatzea eskatu dute.
Covid19-ak eragindako osasun krisialditik ezaguna zaigun Eusko Jaurlaritzaren EAE-ko Babes Zibileko Planaren LABI izeneko aholku batzorde teknikoa bildu ostean eskaini dute prentsaurrekoa Pradalesek eta Zupiriak. Euskadiko Babes Zibilaren Larrialdi Faseko bigarren egoera aktibatu dute. Larrialdi egoera honen mahai teknikoak bizi dugun egoeraren gaineko etengabeko jarraipena egingo du hurrengo orduotan. Asteartean 13:00ean bilduko da berriz, Lehendakaritzan.