NOAUA! Kultur Elkarteak Usurbilgo Udalarekin batera ekainaren 30etik uztailaren 30era antolaturiko udaleku irekietarako hezitzaile eta zuzendarien lan-poltsa osatu nahi du. Curriculuma-k eta eskaturiko agiriak apirilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira. Batetik, begirale edo zuzendari titulua, EGA eta usurbildarra izatea lehenetsiko da.
Bestalde, curriculuma bidali beharko dute aipatu agiri horiekin eta sexu delituei lotutako ziurtagiri eguneratuarekin batera, emailez elkartea@noaua.eus helbidera edota bestela, NOAUA! Kultur Elkarteak Bordaberri 3an duen egoitzara.
Inoizko parte hartze handiena
Gogoan izan, apirilaren 16an itxi zen Udajolasen izen-emate. Iaz bezala, aurtengoan ere parte hartze marka hautsi du Udajolasek. Izan ere, inoiz baino lagun gehiago batuko dira aurtengo udaleku irekian: 230 gazte.
Udajolas udaleku irekia da, 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei (HH3-LH6) zuzendua dagoena. "Helburua herriko haurrei zein gazteei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, euskararen normalizazioa bultzatzeko. Udalaren zerbitzua bada ere, Noaua kultur elkarteari esleitua dio kudeaketa".
Adi, aurten aldaketa izango da egutegi aldetik. Normalean, Usurbilgo festak amaitu eta biharamunean ematen zaio hasiera Udajolasi eta uztailaren 30ean amaitu izan ohi da. Aurten, aurreko urteetan baino lehenago abiaraziko da Udajolas; ekainaren 30ean. Bukatu, aldiz, orain arte bezala, uztailaren 30ean amaituko da. Baina 2025eko Usurbilgo jaiak uztailaren 1etik 6ra ospatuko direnez, uztailaren 2tik 4ra ez da Udajolasik izango.
Udaleku hauei buruzko xehetasun gehiago ekainaren 17an jasoko dituzte izena emandako gaztetxoen gurasoek, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan.