Haraneko entsegu lokalen erabilerarako udal ordenantza behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 29a, 09:58

Musika taldeentzat Haranen kokaturiko entsegu lokalen erabilerarako ordenantza onartu zuen hasieraz udalbatzak azaroaren 28an. Behin betiko onartutzat jo du Usurbilgo Udalak.

Usurbilgo erreferentziazko sorkuntza gunea da Haranen kokaturiko entsegu saioen lokalen eremua. Guneon erabilera eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantza onartu zuen aho batez udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. "Ordenantzaren xedea, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zein diren zehaztea eta instalazioak erabiltzeko baldintzak definitzea da", Usurbilgo Udalaren esanetan.

Udalbatzak hartutako erabakia 30 lanegunez jendaurrean izan zen, otsailaren 7tik aurrera. Epealdi horretan, erreklamazio eta iradokizunik egon ez denez, behin betiko onartutzat jo du ordenantza hau Usurbilgo Udalak, astearte honetako, apirilaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Ordenantzak berak zehazten duen moduan, "Haranen 2 musika entsegu gela intsonorizatu daude". Aurrerantzean, "Usurbilgo Udalak urtero, irailean, gela bakoitzean 8 talderi baimenduko dio erabilera. Guztira, Haraneko entsegu gelak erabiltzeko baimena 16 taldek izango dute".

Talde kopurua handiagoa balitz, puntuazio sistema baten bidez erabakiko litzateke nortzuk erabili ditzaketen lokal hauek, udalbatzaren azaroko osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez. Hortik kanpo geratutako taldeekin itxaron zerrenda osatuko litzateke.

"Baimendutako taldeek espazioak erabiltzean elkarbizitza eta elkarrekiko begirunearen oinarrizko printzipioak beteko dituzte, erabiltzaile batek egiten duenak beste batek egindakoa kaltetu gabe", dio udal ordenantzaren beste artikuluetako batek. Ildo horretan, "erabiltzaileek Kultura Saileko arduradunei jakinarazi beharko diete eraikinean, geletan edo jardueraren funtzionamenduan edozein arazo edo irregulartasun sumatzen badute". Arau-hauste arin, larri eta oso larriak definituak ditu udal ordenantzak. Xehetasun gehiago, Usurbilgo Udalaren astearte honetako, apirilaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkian dituzue.