Duintasuna Sutegin bildu da

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 29a, 15:37

Iaz bezala, Usurbil eta bertako kultur-etxe Sutegi hautatu dute Gipuzkoako pentsiodun antolatuek biltzeko.

Iaz bezala, Sutegi hautatu du aurtengoan ere Duintasuna pentsiodunen mugimenduak haien bilkura egiteko. Astearte goiz honetan izan da, apirilaren 29an. Goizeko 10:00etan hasi dute bilkura kultur-etxeko auditorioan. Besteak beste, mintzagai izan dituzte eskualdez eskualdeko bazkidetza. Diru kontuak ere ahotan hartu dituzte.

Sutegiko bilkura honetan, batzorde iraunkor berria ere aurkeztekoak ziren. Gaurgeroarekin koordinazioaz edo Duintasunaz hitz egiteko tartea ere hartzekoak ziren. Eskualde ezberdinetan antolatuak dauden pentsiodunen taldeak bildu ditu hitzorduak kultur-etxeko auditorioan.

Maiatzaren lehenera begira
Gainerakoan, gaurko bilkuratik haratago, etziko Langilearen Nazioarteko Egunera begira dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren baitan diren Gipuzkoako pentsiodunak. Maiatzaren lehenean deitutako mobilizazioekin bat egingo dutela iragarri dute. "Euskal Herrian, langile eta herri borroka anitzetako zaildutako herria izanik, hiriburuetan eta beste zenbait herritan mobilizatuko gara beste behin, esplotatzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalistaren aurkako borrokaren garrantzia erakutsiz, langileriaren eta beste herri sektore batzuen dimentsio internazionalista eta solidarioa nabarmenduz".

Garrantzitsutzat jotzen dute maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzea, "denontzako soldata eta pentsio duinak orain eskatzea" eta aldarri horrek lekua izatea etziko deialdietan. "Sindikatu batzuek dagoeneko publiko egin dute aldarrikapen hori berriro ere azpimarratuko dutela egun horretan. Mobilizazio guztietan aldarrikapen honek leku garrantzitsua izan dezan eskatzen dugu, eta, era berean, pentsiodunei dei egiten diegu maiatzaren 1eko manifestazioekin bat egin dezaten".

AIReF-en ebaluazio txostena
Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioaren menpeko "Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea" (AIReF) izenekoak Gizarte Segurantzaren kontuei buruzko ebaluazio-txostena kaleratu zuen martxoaren 31n. "Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ustez, txostenaren funtsezko ondorioak gobernuari pentsioen alorrean gainditua ematen dio eta ez du eskatzen gastuak murriztu edo diru-sarrerak handitzeko berehalako jarduerarik".

Egoera horretan, aipatu mugimenduak "baztertu egiten du doikuntzetan tematzen jarraitzea alternatiba gisa. Pentsioen etorkizuneko gastuaren aurreikuspenean, oraindik ez dira baloratu Gizarte Segurantzak denboran zehar egindako gastuen ordainketak. Eta salatu du legez egin behar zen Gizarte Segurantzaren auditoretza egin gabe dagoela oraindik".

Pentsiodunen mugimendutik gogorarazi dutenez, "kalitatezko enplegua sortzeko eta soldatak eta kotizazioak hobetzeko neurri eraginkorrak ezartzea da Pentsioen Sistema Publikoaren (PSP) bermea. Esate baterako, soldatak irabazien portzentaje berean igotzea, Gizarte Segurantzan kotizatzen ez duen ezkutuko ekonomiaren BPG (Barne Produktu Gordina) azaleratzea eta errenta altuetako kotizazioak destopatzea neurri nahikoak dira gure eskaerak asetzeko eta PSP pentsioen sistema publikoa bermatzeko". Horretarako, "benetako borondate politikoa falta da ekitate fiskala bultzatzeko, aberastasuna banatzeko eta espekulazio finantzarioaren eta paradisu fiskalen aurka borrokatzeko".