Herri Ekimen Legegile (HEL) bat ari da sustatzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin". Ekimen hau babesteko sinadurak biltzen ari dira herriz herri hilabeteotan, tartean, Usurbilen.
100.000 herritarrek bat egin dute kanpaina honekin. Atxikimenduak biltzeko azken hitzordua iragarri du aipatu herri mugimenduak larunbatean, maiatzaren 3an, Usurbilen. Sinadurak biltzeko mahaia kokatuko du Sutegi atarian pentsiodunen bilguneko herri ordezkaritzak, larunbat honetan, 11:30-13:30 artean.
Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesteko adierazpena, pentsioak osatzeko euskal sistema bat ezartzeko
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izapidetzeko onartu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko aurkeztutako HEL, eta atea ireki da EHPMaren aldarrikapen historikoa, 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin.
Behean sinatzen dugunok zera adierazten dugu:
Erabateko bidegabekeria iruditzen zaigu milaka pentsiodunek, lan-bizitza oso baten amaieran, gutxieneko diru-sarrera nahikorik ez izatea beren mugikortasun- eta tenperatura-premietara egokitutako etxebizitza eroso bat eskuratzeko, eta oinarrizko gizarte-eskubideak bermatuta ez izatea, hala nola, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua izateko eskubidea eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu egokiak izateko eskubidea.
Urteetan zehar, milaka milioi desbideratu dira helburu desberdinetarako kotizazioetatik pentsio nahikoak bermatzeko erabili beharrean, eta gezurra esan da Pentsio Sistema Publikoaren iraunkortasunari buruz. Horrela, justifikatzen saiatu dira pentsioak eskuratzeko luzamenduak eta zenbatekoa, mugatu eta murriztu duten legeen ezarpena. Horren ondorioz, gero eta gutxiago dira bizitza-baldintza duinak lortzeko aukerak.
Neurri horiek guztiek diru sarrera gutxien duten pertsonei eragin diete bereziki, gehienak emakumeak.
Emakumeek lantokietan jasaten duten diskriminazioak eta prekarietateak, langabezia-tasa handiagoak, lanaldi partzialeko kontratuen proportzio handiagoak eta aitortu eta ordaindu ez diren zaintza-lanetan duten kokapenak pentsiorik baxuenak eskuratzea eragin dute; gutxieneko osagarriak behar dituzten kotizaziopeko pentsioak, 500 € pasatxoko kotizazio gabeko pentsioak (%70ean jasotzen dituzte emakumeek) edo argi eta garbi nahikotasun mailara heltzen ez diren alarguntza-pentsioak.
Bidegabekeria hori konpontzea premiazkoa bezain ezinbestekoa da, eta gutxieneko pentsio duina bermatzea da biderik zuzenena eta eraginkorrena.
Horregatik guztiagatik, lege-ekimen hau babesten dugu, zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru-sarrera egokiagoak bermatzen baititu, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuz, hirurogei urtetik gorako pentsiodun bakoitzari beharrezko osagarria esleituz bere bizikidetza harreman direnak direla, eta eskumena duen administrazioak ofizioz aplikatuz, horretarako behar den informazio guztia baitu.
EAEko Gobernuak eta Legebiltzarrak erantzukizun hori bere gain hartzea babesten dugu. Egin dezake horretarako nahikoa baliabide ekonomiko eta eskumen dituelako.
Gizarte zibilari dei egiten diogu justua, premiazkoa eta beharrezkoa den HEL hau sina eta babes dezan.