Itzalaldia

"Oraindik ez gaude erabateko normaltasunean"

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 29a, 14:54

Atzoko itzalaldiaren harira, LABI-k ezarritako larrialdi egoera bigarren fasetik lehenengora murriztu du. Oraindik erabateko normaltasunean ez gaudela gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak.

"Oraindik ez gaude erabateko normaltasunean", gogorarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Imanol Pradalesek astearte eguerdi honetan LABIk egin duen bigarren bileraren osteko agerraldian.

Astelehehen eguerdian iberiar penintsula osoa argindarrik gabe geratu ostean, aurrekaririk gabeko itzalaldi honen harira, Eusko Jaurlaritzaren EAE-ko Babes Zibileko Planaren LABI izeneko aholku batzorde teknikoa bildu eta larrialdi egoeraren bigarren fasea aktibatu zuten arratsalde partean. Ordutik egoerak nabarmen egin du hobera; astearte goizalde honetarako argindarra erabat berrezarria zegoen. Garraio zerbitzuetan, bereziki trenbideetan jarria zegoen arretagune nagusia, baina Euskotrenek ere normaltasuna erabatekoa dela ziurtatu du.

Zuhurtziaz jokatzeko deia
Testuinguru honetan, Pradalesek astearte eguerdi honetan adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak etengabe zuzendu eta monitorizatu du Euskadiko egoera. Mahai teknikoa 24 orduz aritu da lanean eta Segurtasun Sailaren bidez informazioa eskaini du uneoro". Bilakaera horren baitan, "Euskadi normaltasunera hurbiltzen ari da" esan du lehendakariak eta ondorioz, "LABI-k larrialdi fasearen lehen mailara pasatzea erabaki du. Horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak euskal erakundeei koordinazio lanetan lagunduko die, erakunde bakoitzak bere baliabide eta zerbitzuen kudeaketa berreskuratuko du".

Itzalaldia gertatu ostetik, 24 ordura, halere, azpimarratu duenez, "oraindik ez gaude erabateko normaltasunean. Zuhurtzia eskatzen dugu. Larrialdi fasearen lehen mailan gaude oraindik, beraz, patsadaz, lasaitasunez eta zuhurtziaz jokatu".

Kalte pertsonalik ez, materialak bai
Biharamun hau, egun oso zaila izaten ari da bere esanetan, esaterako, "Euskadiko industria elektrointentsibo guztientzat. Prozesu guztiak berrabiarazi behar izan dituzte. Pertsona askoren ordu askotako lan gogorra" izaten ari da.

Izan ere, ordu zailenak igaro ostean jakinarazi duenez, itzalaldi honen eraginez kalte pertsonalik ez da izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bai, ordea, kalte materialak. Elkartasuna eta babesa adierazi die Eusko Jaurlaritzak kaltetu guztiei.

Azken 24 orduotan bizitako ezohiko egoera honetan, "gure larrialdi sistemak eta kontingentziazko planek behar bezala erantzun dute, bereziki azpiegitura kritikoetan; ospitaleetan, pertsona ahulenen arretan, herritarren segurtasun eta babes zibilean". Halere, bistan denez, "gertatutakoaz asko dugu ikasteko eta ildo horretan, euskal erakunde guztiok protokoloak eta prozedurak berrikusten eta ebaluatzen jarraituko dugu, gure larrialdi sistema egunero indartzeko".

Premiazkoa "azterketa integrala"
Bistan denez, "azken 24 orduetan bizi izan dugunak agerian utzi du gizarte aurreratua izan arren, oso zaurgarriak garela". Funtsezkotzat jo du atzo gertatutakoaren zergatia ezagutzea, "desinformazioa saihesteko eta segurtasuna transmititzeko. Premiazkoa da azterketa integrala egitea, gardentasun osoz".

Horri gaineratu dionez, "gure segurtasuna modu integralean bermatu behar dugu, baita energiaren eta teknologiaren arloetan ere ikusi dugunez".

Amaitzeko, eskerrak helarazi dizkie "egoera zail hau" gainditzen lagundu duten guztiei. "Giza faktorea erabakigarria izan da beste behin". Herritarrak eskertu ditu "arduraz, pazientziaz eta giza-legez jokatzeagatik".