Usurbilgo herriaren lana aitortu dute Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Sariketan

Erredakzioa 2025ko api. 29a, 18:44

Argazkia: Usurbilgo Udala

Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Sariak banatu dira gaur arratsaldean Bruselan. "50.000 biztanle baino gutxiagoko hiriak" kategorian, zilarrezko saria eskuratu du Usurbilgo Udalak. Agurtzane Solaberrieta alkatea igo da oholtzara, saria jasotzera.

Duela aste batzuk Agurtzane Solaberrieta alkateak berak aditzera eman zuenez,  "ezusteko ederra jaso dugu Usurbilgo Udalean. Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen 2025eko sariketan hautagai gisa izendatu dute gure herria, bi kategoriatan: 50.000 biztanle azpiko herri eta hirien kategorian eta etxebizitza inklusiboak sustatzen dituzten herrien zerrendan. Sari ematea apairilaren 29an da Bruselan, eta hara joango gara. Urte luzeotan egindako lanaren aitortza garrantzitsua da eta guretzat hori bada nahiko sari".

Aitortza, sari eta guzti iritsi da azkenean.

 

Bi kategoriatan hautagai
Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen 2025eko sariketa
rako hautagai izendatua zuten Usurbil. Astearte honetan egin dute sari banaketa Bruselan. Udal gobernu taldeko ordezkaritza bat joan da bertara.

Inklusibotasunaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen Sariketak Europako beste zonaldeentzat inspirazio iturri izan daitezkeen diskriminaziorik gabeko ingurune anitzago eta inklusiboagoak izateko egiten duten lana aitortu eta nabarmentzen die udalerri, hiriburu edota eskualdeei. Aniztasuna (edozein sexu, adin, desgaitasun, LGBTIQ+ nortasun, erlijio edo sinesmen, edota jatorri aldetik) aberastasun eta berrikuntza iturri gisa aniztasuna sustatu, sistema eta politika inklusiboak bultzatu eta herritarrak nonbaiteko sentiaraztea ahalbidetuko duten praktika onenak aitortzea du helburu.

Sariok arrazakeriaren aurkako Europako ekintza planaren eta LGBTIQ+ pertsonen berdintasunerako 2020-25 urte arteko planaren baitan kokatzen dira.

Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, udalerri hau hautagai gisa izendatu dute sariketaren laugarren ediziorako, "hiru kategoriatatik bitan: 50.000 biztanlez azpiko udalerrienean eta etxebizitza politika inklusiboenean". 50.000 biztanletik gorakoen udalerriena litzateke sariketa honen hirugarren kategoria.

Kategoria bakoitzean hiru sari eman dituzte (urrea, zilarra eta brontzea). "Guztira, Europako Batasuneko 15 estatu kidetako 60 hiri, herri eta eskualde aurkeztu dira aurtengo sariketara, eta horietatik 20 pasatu dira finalera, tartean, Usurbil", Udaletik berri eman dutenez.

Hainbat proiektu
Sariketaren hautagaitzarako hainbat egitasmo aurkeztu ditu Udalak. Bertatik berri eman dutenez, "Usurbilgo Udalak aniztasunaren, parekidetasunaren, zaintzaren eta etxebizitzaren alorrean azken urteetan egindako proiektuak" hain zuzen; besteak beste, "harrera herri izateko egindako urratsak, Emakumeon Etxearen proiektua, zaintza eredu propioa sortzeko egindako parte hartze prozesua eta Usurbilgo zaintza ekosistemaren parte diren etxebizitza baliabideak (belaunaldi arteko etxebizitza komunitario Txirikorda eta Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak zein bizi osorako etxebizitzen proiektua)".

Guztira, hiru kategorietan 28 dira sariketa honetarako hautagaiak. Usurbilek Valentzia, Italiako lau udalerri edo eskualde, Finlandiako eta Greziako bana eta Galizako beste bi izan ditu lehiakide hautagai gisa 50.000 biztanlez azpiko kategorian; Italiako beste bi, Aragoiko hiriburua, Portugaleko eta Austriako udalerri bana eta Galizako bi.

Hautagaiak
50.000 biztanletik gorako udalerrien kategoria: 
Bilbo, Euskal Herria
Braga, Portugal
Komotini, Grezia
Krakovia, Polonia
Paris, Frantzia
Salzburgo, Austria
Tilburg, Herbehereak
Utrecht, Herbehereak
Wrocław, Polonia
Zaragoza, Espainia

50.000 biztanlez azpiko udalerrien kategoria:
L’Alfas del Pi, Valentzia
Francavilla Fontana, Italia
Gualdo Tadino, Italia
Mariehamn, Finlandia
Parada de Sil, Galizia
Platanias, Grezia
San Xoan de Rio, Galizia
Settimo Torinese, ItaliaSogliano al Rubicone, Italia
Usurbil, Euskal Herria

Etxebizitza politika inklusiboen 2025eko saria:
Braga, Portugal
Francavilla Fontana, Italia
Gualdo Tadino, Italia
Parada de Sil, Galizia
Salzburgo, Austria
San Xoan de Rio, Galizia
Usurbil, Euskal Herria
Zaragoza, Espainia