Mobilizaziorako deia maiatzaren lehenean

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 30a, 09:23

Eskualde mailako mobilizazioa deitu du LAB sindikatuak maiatzaren lehenerako Hernanin.

Maiatzaren lehenaren bezpera dugu asteazken hau. Langileen Eguna izango da biharkoa. Sindikatuek hainbat mobilizazio dituzte hiriburuetan eguerdi partean. Eremuotatik kanpo, Beterri Buruntzan ere manifestazioa deitu du LAB sindikatuak, ostegun arratsaldean, maiatzaren 1ean aipatu moduan. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da eskualde mailako mobilizazioa Hernaniko Gudari Plazatik, "Confebask esplotatzailea! Langileen alde. Gutxieneko soldatak eta pentsioak hemen erabaki" aldarripean. "Maiatzaren Lehenean, patronal esplotatzaileari aurre egin eta bultzada berri bat emango diogu langile borrokari", iragarri du LAB sindikatuak.

Izan ere, "kapitalismoak mundu mailako krisi ekosoziala eragin du" LAB sindikatuaren esanetan. Horregatik, "bestelako eredu baten alde egiteko unea da, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena".

Horretarako, "gutxieneko soldata eta pentsioak funtsezko neurriak dira aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakala desberdinak murrizteko", gogorarazi dute.

Ildo horretan, LAB-etik berri eman dutenez, "Hego Euskal Herrian abian jarri ditugu gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duinak ezartzeko ekimenak. Batetik, gutxieneko soldataren inguruko eskuduntza eskuratzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL), bertako instituzioek gutxieneko soldata eta pentsioa ezartzeko ardura eta ahalmena har dezaten, EAEko zein Nafarroako Parlamentuei zuzenduak". EAEn jada tramitera onartu dela jakinarazi dute.

Horrez gain, "egungo legediaren arabera, gutxieneko soldata propioa ezarriko lukeen akordio intersektoriala negoziatzeko mahai bana deitu dugu EAEn eta Nafarroan, baina Confebaskek eta CENek uko egin diote mahaia eratzeari".

Testuinguru honetan, aipatu sindikatutik aurreikusi dutenez, "orain arte bezala, borrokaren bidez lortuko dugu langileon aldeko garaipen berriak eskuratzea". Horregatik oso garrantzitsutzat jotzen du biharko mobilizazioekin bat egitea.