Haizeak bizi asko joko du gaur gauean, hala ohartarazi du behintzat Euskalmet meteorologia agentziak. Izan ere, gaur gauerditik ostegun goizaldeko 6:00ak arte abisu horian izango gara haizeagatik. "Hego-ekialdeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan", 80 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu haizeguneak ez diren tokietan.
Asteazken honetan, apirilaren 30ean, "giro eguzkitsua" izango dugula dio Euskalmet-en iragarpenak, "erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Egunaren amaieran behe-hodeiak ugaritu egingo dira. Hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren amaieran mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez".
Maiatzaren lehenean, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugu. "Goizean goiz behe-hodeiak agertuko dira, arratsalde-gau partean bero-hodeiak. Arratsaldetik aurrera baliteke zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Egunaren hasieran mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean brisa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak jaitsiko dira".
Ostiralean, hilaren 2an, "goizetik aurrera zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparrada trumoitsuak botako ditu. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada oso gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.