Maiatzeko agenda

Euskaraldia, Sagardo Eguna edota urtemugak, hitzorduz bete-betea datorkigun maiatzean

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 2a, 14:16

Ekintzarik edo hitzordurik gabeko egun gutxi izango ditu estreinatu berri dugun maiatzak. Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banaturiko kultur agenda duzue horren lekuko argia. Izan ere, halakoxea izaten da maiatza Usurbilen; ekitaldien loraldi betea bizi ohi dugu urteko bosgarren hilabete honetan. Aurtengoa ez da salbuespena izango inondik inora.

Hasteko, Usurbilgo herri bizitzan oso errotuak dauden hainbat egunpasa izango ditugu bueltan; Andatza Eguna igande honetan bertan, 42. Sagardo Eguna hilaren 18an edota hiru egun lehenago San Ixidro Eguna.

Maiatzeko hamaika egun zehatzek ere berebiziko garrantzia izango dute euskararen erabilerari dagokionean. Izan ere, 365 egunetan egin beharrekoaren erakusleiho argia izango da hilaren 15etik 25era izango dugun laugarren Euskaraldia. Norbanako ahobizi eta belarriprestek nahiz entitate gisa izena emandako hainbat bilgune murgilduko dira Euskal Herri mailako ariketa kolektibo honetan. Tarte hau girotzeko, Euskaraldia dinamizatzeko herri batzordetik hasiera ekitaldia iragarri dute kalejira eta txupinazoarekin hilaren 15erako eta Kantu Taldeak Kantu Festa, ziklo honen amaiera eguna izango den hilaren 25erako. Lehenago, girotzeko, horma irudi bat sortzeko deialdia ere egin dute maiatzaren 9an Zubietan. Eta izango dira, ziur, deialdi gehiago ere.

Iñurritegiaren elkargune berria
Osasun eta zainketa arloari lotutako ekitaldirik ez zaigu faltako. Bi hilean behin izaten den odol-ematearekin batera (maiatzaren 5ean), iñurritegiak Usurbilen izango du egoitza fisikoa aurrerantzean. "Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik" eragiten diharduen Iñurri elkarteak garai bateko Pauma arropa dendan zabalik du lokala, baina hilaren 9an inaugurazio ekitaldia antolatu du. Girotzen hasteko, (Min)bizi liburua aurkeztuko dute toki berean, igande honetan.

Bestalde, gazteen osasun mentala hizpide izango duten bi solasaldi antolatu dituzte; ongizate emozionalari buruzkoa lehenbizikoa Gaztelekuan 12-16 urte artekoentzako eta "osasun mentala eta nerabeak" izenekoa gurasoentzat.

Solasaldiak
Ez dira maiatzerako programaturiko solasaldi bakarrak izango. Hausnarketa gune askean filosofatzeko saioa antolatu dute Oinherri eta Jakinmin elkarteek maiatzaren 16rako.

Maiatzeko azken ostiralerako, hilero moduan euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deituko duen Usurbilgo Sarek, kolektibo honen egungo egoera zertan den azaltzeko hitzaldia antolatu du baita.

Literatura solasaldiak ere izango ditugu, Sutegi udal liburutegiaren eskutik hain zuzen. Harkaitz Canoren “Orkestra Lurtarra” izango dute hizpide hilaren 7an, Maite Francoren eta Amaia Egidazuren ipuin kontaketak ere antolatu dituzte, edota Yolanda Arrietaren "Idazketaren alde" izeneko proiektuaren aurkezpena.

Lehenago, Uxue Alberdik "Hetero" liburua aurkeztuko du Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxean. "Ring" antzezlana ere antolatu dute udal sail beretik.

Etxebizitzen diagnosia eta ekintza plana
Pil-pilean dugun etxebizitzaren gaiak ere protagonismo nabarmena izango du hilabete honetan. Izan ere, Udalak Eusko Jaurlaritzari martxoa amaieran Usurbil "tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu" izendatzea eskatzeko landu behar izan dituen etxebizitzen diagnosiaren eta datozen urteotako ekintza plana aurkeztuko ditu hilaren 7an.

Etxebizitzarenaz gain, Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala osatu nahi du Udalak herritarren ekarpenekin eta "Usurbil denONA, denontzat" aldarripean prozesua bideratzen hasiko da hilaren 14an.

Gai horri lotuta, bestalde, Euskal Herri Iparraldean sortzen ari den jabego modu berriaren aurkezpena antolatu du Etxalde kooperatibak hilaren 22an Potxoenean.

Egunotan pil-pilean dugun energiaren gaia ere ahotan hartuko du Sortaldek hilaren 8an Sutegin antolaturiko "energia trantsizioa bai, baina, nola?" mahainguruan eta solasaldian.

Ruper Ordorika, erromeria eta urtemugak
Estreinatu berri dugun hilabetea, Ruper Ordorikak musikatuko digu. Jexux Artze K.E.-k garai honetan antolatu baina iaztik udazkenera atzeraturiko zikloaren testuinguruan antolatu du kontzertua hilaren 9an Sutegin.

Ordorikaz gain, trikiti doinuen erritmora dantzan aritzeko erromeriarako plaza izango dugu Kalezar hilaren 17an. Estreinakoz Kalexarko Udaberriko Trikiti Festa antolatu dute Belmonte auzo elkarteak eta Zumarte Musika Eskolak lankidetzan.

Zumarte aipatuta, musika eskola iazko azarotik 40. urtemuga ospatzen ari da. Ekaineko jaialdi nagusiaren atarian, beste bi hitzordu iragarri ditu maiatzerako; saxo taldeen emanaldia eta talde instrumentalena, maiatzaren 16an eta 23an hurrenez hurren.

Zumarterekin batera, Ziortza Gazte Elkarteak ere lau hamarkadako ibilbidea osatu du. Maiatzaren 23ko asteburuan ospatuko du. Aste horretarako antolatu ditu baita Zubietako Eskolak ikasturte amaierako UdaFest zikloko ekintzak.

Udarregi ikastolari dagokionean, ekainean ospatuko du bere festa eguna, baina aurretik, elkartasun egun bat iragarri du eragile gehiagorekin lankidetzan; Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari Eusko Jaurlaritzak ezarritako isuna ordaintzen laguntzeko "Izan Hartxintxar Eguna" maiatzaren 10ean.

Hitzordu hauei guztiei buruzko xehetasun gehiago web orrialde honetako "Agenda" atalean eskura ditzakezue.