Ekaitzak gogotik ziztatu du lurra

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 2a, 13:28

Ostiral eguerdi honetan leherturiko ekaitzak albiste honi atxikitako irudi ikusgarria eragin du.

Egun halako irudiekin ohikoa den moduan, sare sozialen bidez mugikorretik mugikorrera dabil albiste honi atxikitako argazkia. Ostiral eguerdi honetakoa da, herrikide batek Atxegalde ingurutik Andatzaren magalari une ezin egokiagoan ateratakoa. Tximista bat duzue irudi horren erdigunean; lurra gogotik ziztatu duen unekoa hain zuzen.

Ostiral eguerdi honetan, maiatzaren 2an izan da. Goizetik ilun samar zen zerua, are ilunagoa gerora ekaitza lehertu den unean. Tximista ugari ikusi ahal izan dira zonalde honetan eta segidan trumoien burrundara. Leherketa soinu baten modura entzun da haietako bat edo beste, tartean, ondoko irudiko tximistak lurra ziztatu duen unea.

Asteburu nahasia
Halako ekaitzak berriz izan ditzakegu datozen ordu eta egunotan. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia ezarri du Gipuzkoa barnealdean (Usurbilen ez) ostiral arratsaldeko 18:00ak arte prezipitazio handiagatik.

Aipatu meteorologia agentziaren ostiral honetako, maiatzaren 2ko iragarpenari erreparatzen badiogu, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparrada trumoitsuak bota litzake. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Gaur bezala, astebururako ere giro nahasia espero da. Larunbatean, hilaren 3an, "goizean giroa eguzkitsua izango da eta haizeak hegoaldetik joko du. Arratsaldetik aurrera ipar-haizea ibili eta bero-hodeiak agertuko dira; noizbehinka zaparrada trumoitsuren bat bota lezake. Tenperaturan gutxi igoko da".

Etziko Andatza Egunean, hilaren 4an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada trumoitsuak egingo ditu. Goizean goiz hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, gainerako orduetan ipar-mendebaldekoa. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Egunotarako eguraldi iragarpenari buruzko informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.