Sagardo Eguna

Usurbildarren jaiegun nagusirako atzerako kontaketa betean sartu gara

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 2a, 11:52

Datorren 42. Sagardo Eguna noiz ospatuko dugun iragartzen duten kartel erraldoiak jarri dituzte jada ohiko tokietan.

Albiste honi atxikitako argazkiko kartel erraldoia jarri dute eta horrekin, urtero moduan, atzerako kontaketa betean sartu gara dagoeneko. Izan ere, hamasei egun baino ez dira falta usurbildarren urteko jaiegun nagusirako. Maiatzaren 18an ospatuko da 42. Sagardo Eguna, N634 errepide bazterrean Atxegalde inguruan nahiz Oxtapeko sarreran jarritako kartelek iragarri moduan.

Ohi bezala, bertako, herriko nahiz herritik kanpoko hainbat sagardo dastatzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek hilaren 18ko jaialdian. Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek prest dute egitaraua dagoeneko.

Igande horretako goizeko prestaketa lanen amaieran, botatzaileen talde argazkia egin eta 11:30etan izango den irekiera ekitaldiaren ondotik hasiko da festa. Postuetako osteratxoa goiz partean egingo den arren, festa giroak arratsaldean segiko du “Elektrotxorongo” Elektrotxarangakoen eskutik.

Hemen, datorren Sagardo Eguneko egitarauaren aurrerapena:

42. Sagardo Eguna
Maiatzak 18, igandea
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Sagardo Egunaren Irekiera.
Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala. 
15:00 Botatzaileen bazkaria Udarregi ikastolan 
17:30-20:00 “Elektrotxorongo” Elektrotxaranga Usurbilgo kaleetan zehar. 

Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.