Euskaraldia 2025

Euskaraldirako bi aste baino ez

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 3a, 11:20

Maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldirako atzerako kontaketa abian da.

Bi aste eskas baino ez Euskal Herria hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzea sustatu asmo duen ariketa kolektiboari ekiteko. Badator laugarren Euskaraldia. Maiatzaren 15ean hasiko da hamaika egunez norbanakoak izango diren ahobizi zein belarriprestek edota entitateen hamaika eguneko konpromisoa.

Bi asteren faltan, agerraldia egin dute ostiral honetan Lekeition Euskaraldiaren Euskal Herri mailako sustatzaileek. Estreinakoz ekimenarekin bat egingo dutenek nahiz aurreko edizioetan parte hartu dutenek, denek izena emateak duen garrantzia gogorarazi dute beste behin. "Euskaraldian oraindik izena eman ez duten herritarrek badute aukera ahobizi edo belarriprest izango diren esateko, ariketa hasi arte izen-ematea irekita egongo baita. Jakina denez, ariketan parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da".

Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".

Gogoan izan, Usurbilgo kasuan, norbanakoei dagokienean ahobizi nahiz belarriprest gisa izena eman ahalko dela. Txapak Euskaraldiaren herri batzordearen eskutik jaso ahalko dira. Entitate gisa ere eman ahalko da izena; oinarrizko lanketa nahiz lanketa sakonagoa egitearen artean hautatu ahalko da. Azkenik, herri honek ere Hikaldiarekin bat egin du. Hau da, hika aritzeko konpromisoa ere hartu ahalko da maiatzaren 15etik 25era. Kasu horietan, norbera ahobizi edo belarriprest dela adierazten duen txapari H hizkia erantsiko zaio.

Jarrera aktiboa izateko deia
“Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua”, azpimarratu dute Euskaraldiaren koordinazio orokorreko arduradunek. "Erabaki horrek bakarrik norberak 11 egun horietan izango duen jarreraren eta portaeraren inguruan pentsarazten du, beraz.  Eta 11 egun horietan, parte-hartzaile guztiek hartutako erabakiei esker,  egunerokotasunean, euskararen presentzia areagotzea lortzen du Euskaraldiak".

Horregatik, "Euskaraldiaren eta, oro har, euskararen aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin dute antolatzaileek, izena ematen duten unetik bertatik: batzordeetan parte hartuz, herrietan antolatutako ekitaldietara joanez, eta gehienbat, Euskaraldiak eskatzen dituen ohitura aldaketak egiteko ahalegina eginez. Izan ere, ariketaren helburua euskara gehiago (gehiagorekin eta gehiagotan) erabiltzea da, eta horretarako, ohitura zehatz batzuk hartzea proposatzen du: lehen hitza beti euskaraz egitea, eta euskaraz dakien guztiarekin euskaraz jarraitzea -elkarrizketa elebidunak normalizatuz-".

Usurbilera etorrita, hainbat deialdi programatu ditu jada, Euskaraldia herri honetan dinamizatzen ari den batzordeak:


4. Euskaraldia
Maiatzak 9, ostirala
17:00
4. Euskaraldiaren atarian, "denon artean Zubietako parkeko horma margotuko dugu. Zatoz gurekin!".
Antolatzaileak: Zubieta Lantzen, Zubietako Eskola Txikia eta Usurbilgo Euskaraldia Batzordea.

Maiatzak 15, osteguna
Laugarren Euskaraldiaren hasiera:
18:30
Kalejira Usurbilgo buruhandiek lagunduta.
20:00 Euskaraldiari ekiteko txupinazoa Mikel Laboa plazan.

Maiatzak 25, igandea
Kantu Festa

10:30 Herri-bisita: Usurbil Museo Irekia.
12:00 Kantu Jira.
14:00 Kantu-bazkaria ikastolako jangelan. Menua: 25 €. (Kantu taldearekin harremanetan jarri).
18:00 Cavaillé-Coll/Mutin, Salbatore parrokiako organoaren azalpena Joan Luis Atxegaren eskutik.
- Elizako koruan organoaren laguntzarekin: Txoria-txori./ Gure ametsak.
- Dema plazan kantuzaleon arteko agurra.
- Partitzeko tenorea.

Zehaztasunak: "Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, Kantu Festa ekimena antolatu du Zarauzko Montetxio, Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro kantu taldeekin partekatuz. Euskaraldia-2025 ekimenaren amaierarekin bat eginez, euskaldun egiten gaituen euskara bultzatuz, euskal kantuen aldarrikapena plazaratu nahi luke, kantuez eta kontuez gozatzeko gogoz dagoen guztia gonbidatuz".

Izen-ematea eta argibide gehiagorako: euskaraldia.eus

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.