“(Min)bizi” liburua aurkeztu dute Izan Iñurriren egoitza berrian

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 4a, 19:32

“(Min)bizi” liburua aurkeztu dute arratsaldean Izan Iñurriren egoitza berrian. Oraindik ez dute lokala ofizialki ireki edo inauguratu, hori ostiralean izango da, hilaren 9an arratsaldeko 17:30etan. Hala ere, irekiera baino lehen plazaratu berri duten liburua aurkeztu dute “(Min)bizi” lagun eta iñurriz inguratuta. 

Izan Iñurri Elkartean, minbizia duten emakumeak saretzen dituzte, eta saretze-lan horretan “(Min)bizi” liburua bezalako lanak sortzen dira. Elena iñurriak idatzi edo sortutako lana da “(Min)bizi”, nahiz eta iñurri askoren kolaborazioa izan duen. Gaixotasunaren albo-kalteak bizi behar izan zituen joan zen udan, eta beste iñurri askok egin izan duten bezala, idazkuntzan babestu zen gizartearen gehiengoa hondartzan eta udako planak egiten ari ziren bitartean.

 

Liburuan bere gogoetak bildu ditu Elenak, edo Elenitak, elkartean esaten dioten bezala. Jaio zen egunetik beretik ditu kontatzeko moduko istoriotxoak, eta haietatik abiatuta, minbizia eta minbizia izan osteko bizipen eta hausnarketak jaso ditu liburu berrian. Iñurri ugari izan ditu inguruan liburua osatzeko istoriotxo berriak biltzeko. Lagun ugariren artean sortutako lana izan dela azpimarratu du Elenitak, hamarkada erdi baino gehiago duen Lasarteko iñurriak. 

 

Gai ugari biltzen ditu liburuan, sexualitatea horietako bat. Minbizia bizi duten pertsonen kasuan hain ahaztuta geratzen den gaia izan ohi da, eta Elenita eta beste iñurri batzuentzat ezinbestekoa da erakundeek alderdi hori ere lantzea eta informazioa ematea gaiari buruz. Ahanztura onkologikoari buruz ere hitz egiten du liburuak pasarte batean, minbizia izan dute pertsonek bizitza aseguruekin zein bankuetan dirua eskatzean izaten dituzten injustiziak azaleratzen dituena. Minbizidun gazteei buruzko hausnarketarik ere bada, bai eta ama ez agurtzeari buruzko gogoeta ere. Gai anitzak eta zabalak biltzen ditu liburuak, zalantzarik gabe.

 

Ane Labaka bertsolari eta kulturgileak egindako hitzaurrea du liburuak eta zorrotz argitaletxearen bidez argitaratu dute liburua. Iñurriren bidez erosi ahal izango da lokalean.

 

Jakes Txapartegiren piano doinuekin hasi da aurkezpena eta hala amaitu da kafetxo bat eta goxo artisauekin. Horra Elenitak esandako azken bi esaldiak hitzaldia eta liburuaren mamia borobiltzeko: “Eskerrik asko zuei, liburu hau denona da!” eta “Hil arte bizi!”.

 

Lokal berriaren irekiera

Kale Nagusian irekitzekotan dira lokal berria Izan Iñurriko lagunak, Askatasuna Plaza ondoan, garai bateko Pauma arropa-denda zegoen lokalean. Ostiralean izango da hori, maiatzaren 9an, 17:30etan hasita. Egitarau oparoa prestatu dute ordurako, eta tartean, “(Min)bizi” liburuaren aurkezpen txikia ere egingo dute gaurko aurkezpenean parte hartzeko aukerarik izan ez duten horientzat. 17:30ean ongi etorria eta lokal berriaren aurkezpena egingo dituzte. Ondoren, 17:40 aldera (Min)bizi liburuaren aurkezpena egingo dute, eta gero, 17:50 aldera bilduma berriaren aurkezpena eta desfilearen txanda izango da. Amaitzeko, 18:30ean, Josu eta Maitak kontzertua eskainiko dute eta kroketak jateko aukera izango da Kroketxearen eskutik.