Eskaintza indartu eta hitzordu bikoitzarekin datoz bueltan UEU-ren 53. udako ikastaroak Usurbila. Alde batetik, bederatzigarren Jakin Jardunaldia egingo da ekainaren 19an eta 20an. Apirila hasieran eman zuen zuen ezagutzera UEU-k, Jakinekin eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan antolaturiko hitzorduaren izenburua: "Kooperatibismo eraldatzailea, ekonomia soziala eta proiektu publiko-komunitario-kooperatiboak". Gaurtik, maiatzaren 5etik aurrera matrikulatu ahalko da jardunaldi honetan.
UEU-k zenbait xehetasun aurreratu ditu dagoeneko, uda parterako antolaturiko gainerako eskaintza ezagutaraztearekin batera. Aldiz, ohartarazi duenez, egitarau zehatza laster plazaratuko dute.
Aipatu moduan, Jakin Jardunaldiaz gain, aurtengoan, beste ikastaro bat ere antolatu dute Usurbilen, Jakin Jardunaldia hasiko den ekainaren 19rako Potxoenean; "Irizpide agroekologikoak definitu eta gizarteratzeko tresnak: Berme Sistema Parte-hartzaileak" izenekoa hain zuzen, UEU-k berak, kasu horretan EHKolektiboarekin batera antolaturikoa.
Ikastaro horretan matrikulatzeko epealdia ere zabaldu du gaur UEU-k.
"Irizpide agroekologikoak definitu eta gizarteratzeko tresnak: Berme Sistema Parte Hartzaileak"
Zehaztasunak: "Agroekologiaren bidea eraikitzeko hainbat tresna daude. Jardunaldi honetan, hauetariko batzuen inguruan hitz egingo dugu, Berme Sistema Parte-hartzaileen garrantziaz jabetu eta sentsibilizatzeko asmoz. Horretarako, jakintza akademikoaz, tokiko jakintzaz eta identifikatzen ditugun hainbat praktika egokiz baliatuz. EHKOlektiboa, EHKO BSPa lantzen dabil, zigilu ofizialek baimentzen dituen mugetatik haratago doazten irizpideak definituz, bertakotasuna, salmenta ereduak eta baldintza sozio ekonomikoak kontuan hartzen dituen sistema parte-hartzailea bat eraikiz.
Laborariei, kontsumo esferako eragileei eta interesa duen herritar orori zuzendutako jardunaldia da, elkarrekin agroekologia bultzatu eta kontsumo eredua eraldatzeko asmoarekin.
EHKOlektiboaren eta EHKO BSParen informazioa gehiago https://ehkolektiboa.eus/ webgunean. Jardunaldi hau UEUk eta EHKOlektiboak elkarlanean antolatu dute".
Helburuak:
-Berme Sistema Parte hartzaileen garrantziaz jabetu eta sentsibilizatzea.
-Ekoizpen-eredu agroekologikoa balioan jartzea.
-BSP esperientzia ezberdinak ezagutaraztea eta saretzea.
-Kontsumo eredu agroekologikoa bultzatzea.
Nori zuzendua:
Elikadura-sare ezberdinetan parte hartzen duten eragileak: kontsumo-kooperatibak, kontsumo-elkarteak, udalak, merkataritza txikia, etab. eta orokorrean, agroekologiarekiko interesa duten herritarrak.
Egitaraua:
Ekainak 19, osteguna
Potxoenean:
09:45 Harrera eta dokumentazio banaketa.
10:00-10:30 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena. Berme Sistema Parte-hartzaileen jatorria, testuingurua eta aukerak agroekologiaren bidean: EHKO, Ecovida, Ecollaures, Nature et Progrès…
10:30-12:00 Zigilu ofizialen eta BSP esperientzia ezberdinen arteko mahai-ingurua.
12:00-12:30 Atsedenaldia.
12:30-14:00 Lanketa: BSPen erabilera elikadura sareetan.
14:00-14:15 Jardunaldiaren agurra eta amaiera.
14:30-17:00 Talde-bazkaria.
Matrikulazioa eta informazio gehiago: ueu.eus atarian (5 euro).
Antolatzaileak: UEU eta EHKolektiboa.
Jakin Jardunaldia: Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen
Zehaztasunak: "Zer eskain dezake kooperatibismoak, gaur egungo Euskal Herrian, gizarteko harremanak merkantilizaziotik harago egituratzeko bidean? Zer ekarpen auzoetako, herrietako, lurraldeetako ekonomiak herritarren beharrei erantzuteko moduan antolatzerakoan? Gero eta gehiago entzuten da harreman eta proiektu publiko-komunitario-kooperatiboak landu beharra, eta Euskal Herrian ere hainbat esperientzia berri abiatu dira ildo kooperatiboan. Korapiloak ere sortu dira, ordea, lankidetza publiko-komunitarioaren inguruan. Hor dago kontzeptua lausotzeko arriskua, edo hura merkatuaren arlo bat gehiago bihurtzekoa. Nabari da, era berean, publikoaren eta pribatuaren ulerkera zurrun dikotomikoan gotortzeko joera bat ere, oztopo politiko, juridiko edo administratiboak ekar ditzakeena.
Jardunaldiak kooperatibismo eraldatzaileaz eta egitasmo publiko-komunitario-kooperatiboaz gogoeta egin nahi du, hala haren pentsamendu-oinarriez, nola Euskal Herriko zenbait praktikak eskaintzen dituzten eredu eta irakaspenez.
Jardunaldi hau UEUk, Jakinek eta Usurbilgo udalak elkarlanean antolatu dute.
Jardunaldiaren koordinatzaileak: Haritz Azurmendi, Beñat Irasuegi eta Arianne Kareaga".
Helburuak:
-Markoa. Lankidetza publiko-kooperatiboaren oinarriak ezagutu eta horren gaineko kontzeptu gakoen zedarritzea.
-Erreplikagarritasuna. Lurralde ezberdinetako esperientzia publiko-kooperatibo praktikoak ezagutzea gakoetan sakonduz.
-Garapena. Lankidetza mota honen baitako oztopo eta aukeratan sakontzea, eremu bakoitzari dagozkion funtzio eta rolak bereiziz.
-Saretzea. Esperientzia ezberdinen topagune izatea.
Egitaraua:
Ekainak 19-20
(Laster zehaztuko dute).
Matrikulazioa eta informazio gehiago: ueu.eus atarian (10 euro).
Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.