Igaro berri den asteburu luze honen bezperan bezala, biharamunean ere ezbeharra izan da Usurbil inguratzen duten errepideetako batean; GI-20 izenekoan hain zuzen. Bi ibilgailuren arteko talka gertatu da astelehen bazkaloste honetan, Aritzeta inguruan. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, errepide horren 15. kilometroan gertatu da istripua, Usurbildik Irunera bidean. Hiru lagun eraman behar izan dituzte ospitalera. Ezbehar hori tarteko, A8 autopistatik GI-20 errepiderako sarbidea ixtea erabaki dute.
Asteburu luzea amaitu berritan gertatu da istripu hau. Azkena, jaiegunon hasieran jazo zen, apirilaren 30ean, gaurko ezbehar tokitik ez oso urruti. Asteazken goiz korapilatsua izan zen errepideetan. Ezbehar bana izan zen A8 autopistan, bat Orion, bigarrena Usurbilen, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik aditzera eman zutenez.
Usurbilgoari zegokionean, hainbat ibilgailuren arteko talka gertatu zen errepide horretako 31. kilometroan, Donostiara bidean. Noranzko horretan, erreietako bat itxi behar izan zuten istripuaren ondorioz. Errei horren itxierak, gainera, bost bat kilometroko auto-ilara eragin zuen.
Lanetan ari ziren A8 autopistako zonalde berean; zehazkiago esanda, 31. eta 32. kilometroetan, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik ohartarazi zutenez.